BILBO. Musikaz beteriko astea ekarriko du Bidebarrieta Kulturguneak. Hurrengo ostegunean, hilak 13, José Luis Canal Trío hirukotearen jazz kontzertua hartuko du, eta hurrengo egunean, hilak 14, ostirala, Oreka TX taldearen eta Uxue Alberdiren arteko errezitala, literatura eta txalaparta batuz.

Bi hitzordu horiek #BilbaoUda2020 programaren barruan datoz, zeinarekin Uria kulturaz beteko baita, 150 proposamen baino gehiagorekin, Udalak antolatu baititu Bilboko uda epe interesgarri bat izan dadin, tokiko kultur agenteek eskaintzen dituzten aisialdiko planez betea.

JOSE LUIS CANAL HIRUKOTEA

Abuztuaren 13an, ostegunean, 19:00etan, jazzak hartuko du Bidebarrieta Kulturgunea, José Luis Canal Trío hirukoteak emango duen kontzertuarekin. Sarrerak salgai daude jada www.bilbaokultura.eus web orrian, eta egunean bertan ere erosi ahal izango dira, 17:00etatik aurrera, kulturgunean bertan.

José Luis Canal piano-jotzaile, organo-jotzaile, moldatzaile eta konpositorea euskal musikako musikari handietako bat da. Hainbat sari jaso ditu, bai musika klasikoaren eremuan, bai jazzaren eremuan. Bere taldeetan lider izateaz gainera, hainbat musikarirekin egin izan du lan: Mikel Andueza, Itxaso, Joaquín Chacón, Victor de Diego, Chris Kase, Juanma Urriza, Carlos "Tato" Gracia, Borja Barrueta, Raul Vera, Blas Fernandez, Abraham de Román eta abar.

Kontzertua Uda Jazz zikloaren barruan emango da, #BilbaoUda2020 programak musika estilo hori maite dutenentzat dakarren eskaintza gisa.

OREKA TX + UXUE ALBERDI

Abuztuaren 14an, ostiralean, 19:00etan, OREKA TX taldeko txalapartariek beren ezohiko zuzenekoa aurkeztuko dute, musika tresna ugari eta askotarikoekin harrizko xaflazko eta hitzezko txalaparta inguratuz. Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak lagunduko die, eta testuak irakurriko ditu Oreka TX-en musikarekin bat eginez, nortasun banakakoaz nahiz kolektiboaz ari diren testuak.

Oreka TX-en txalaparta soinua munduan zehar hari da bidaian 1997tik, orduan egin baitzuten bat Kepa Junkerarekin. Harrezkero, elkarrekin aritu dira tauladan, eta ezin konta ahala artista, talde eta konpainiarekin aritu dira elkarlanean, hala nola Carlos Nuñez, La Bottine Souriante, Aziza Brahim, Taraf de Haidouks, Dulce Pontes, Phil Cunningham, Kalakan, Compañía Danza Kukai, Orquesta Sinfónica de Euskadi, RAI, National Symphonyu Orchestra, La Bottine Souriante, Manu Dibango, Pat Metheny€.besteak beste, eta beste arte mota batzuekin ere egin dituzte saiakuntzak, hala nola dantza, zinema eta arte plastikoak.

2006an, taldeak bere lehen proiektu handia landu zuen, Nömadak TX izenekoa, sari ugari jasotako film bat ere bazeramana, eta disko bat eta zuzeneko bi: la Carpa Nömadak eta Nömadak Tx zuzenean; World Music zirkuituko jaialdirik ospetsuenetara eraman zuten ikuskizun hori, ia mundu erdia korrituz. Oreka TX bere moldakortasunagatik nabarmentzen da, eta ekintzaile espirituarengatik. Atzenengo urteetan, hainbat ikuskizun landu dituzte, hala nola Hostoak, kantua, musika eta dantza batzen dituena, edo Herritmo, Euskal Herriko herri kirolen ikuspegi artistiko bat eskaintzen duena eta Euskal Herriko antzokirik handienetan erakutsi dutena.

Uxue Alberdi idazlea eta bertsolaria da, eta 2003an hasi zen bertso idatzien lehiaketak irabazten, eta hala irabazi du, besteak beste, Julene Azpeitia saria. Idazle berrientzako Igartza bekari esker, 2005ean idatzi zuen lehenengo liburua: Aulki bat elurretan (2007). Halaber, 2007an argitaratu zuen Aulki-jokoa ipuin liburua ere (2009), sorkuntzarako beste beka bati esker: Joseba Jaka beka, hain zuzen. 2010ean, haur literaturako lehenengo liburua eman zuen argitara Ttartalo argitaletxearekin, Ezin dut eta zer? izeneko ipuina, hain zuzen. 2013an, Euli giro ipuin bilduma argitaratu zuen, eta oraintsu argitaratu du Jenisioplin (2017), Susa argitaletxearen eskutik. Kazetaritzan lizentziatu zen, eta irakasle jarduten da literatur tailerretan, eta artikuluak idazten, eta itzultzaile, irakurle taldeen gidari, kanta idazle eta abar luze batean. Bertso Eskola Feminista sortu zuen Ainhoa Agirreazaldegirekin batera.

Sarrerak 5 euro izango dira, eta salgai daude helbide honetan. Horrez gain, sarrera kopuru txiki bat gordeko da lekuan bertan saltzeko, 17:00etatik aurrera.

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Era beran, musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da Bidebarrieta Kulturgunean egingo diren ekitaldi guztietan.