BILBO. Hilabeteak iraun dituzten obrak bukatu eta gero, gaur goizean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Asier Abaunza Obretako eta Hiri Plangintzako Saileko zinegotziak eta beste zinegotzi batzuekin batera, Abusuko Ibaieder parkean eta Ibaizabal landan egindako berrikuntzak inauguratu ditu.

Guztira, hiru jarduerek -parkea, landa eta garagardotegia- 1.200.000 eurotik gorako inbertsioa eragin dute Udalean.

IBAIEDER PARKEA

Bilboko Udalak zazpi hektareako azalera duen parke handi hau aisialdirako gune berri bihurtu du, erabilera eta ekipamendu bereiziak eman baitizkio, azalera handi horri etekin handiagoa ateratzeko.

Alde batetik, berritu egin da umeen jolas-gune estalia -hori ere atondu egin da- eta, bestetik, gazteentzako bi eremu berri sortu dira, skate eta cross training ekipamenduak dituztenak, bai eta piknik gune berri bat ere, mahaiekin eta etzaulkiekin. Gainera, tirolina bat instalatu da, korrika egiteko zirkuitu bat seinaleztatu da eta hesiak berritu dira.

Skate eta cross training guneak elkarrekin lotzen dira eta, aldi berean, biak parkearen gainerakoarekin, bide batzuei esker. Irtenbide hori hautatu da ahalik eta hormigoi-metro karratu gutxien erabiltzeko, parkearen esentzia, hau da, haren belardiak, ez desitxuratzeko.

Skaterako parkeak 254 metro karratu dauzka eta bertan praktikatu ahal izango dira skateboardinga, patinatzea, BMX eta scooter freestyle modalitateak.

Cross training guneak, ordea, 82 metro karratu dauzka eta era honetako ariketak egiteko azken urteetako zaletasunari erantzun gura dio.

Umeen jolas-gunean, zehazki, estalkipeko elementuak berritu dira eta kautxuzko zoladura berria jarri da. Gainera, hogeita bost metroko metalezko tirolina luze bat ipini da, segurtasuneko galgarekin.

Horrez gain, eguzkitan egoteko gune berri bat sortu da parkearen ekialdean, eguzki ordu gehien eskaintzen dituena eta zuhaitz masa gutxien duena delako. Bertan jarri dira piknik mahaiak, etzaulkiak eta ping-pong mahaiak.

Jarduketa osatzeko, korrika egiteko zirkuitua diseinatu da, ibiltzeko dagoen pasealeku nagusitik bereizita. Azkenik, ibaiertzeko pasealekuko babes-baranda kendu eta egurrezko hesia jarri da.

Lan horiek guztiak malda handiko eremu batean egin dira, eta horrek inguruko irisgarritasuna zailtzen zuen. Horregatik, Bilboko Udalak hainbat hobekuntza egin ditu desnibelak gutxitzeko eta ekipamendu berri horiek indartzeko. Udalak 617.000 euroko inbertsioa egin du obretarako.

Gainera, Udalak Ibaieder parkean hobekuntzak egiten jarraituko du, begiratokiak hobetuz eta hiru egoteko gune berri sortuz (Erribera pasealekuaren ondoan, beheko pasealekuaren ondoan eta txakurren eremuaren ondoko begiratokiaren inguruan.

IBAIZABAL LANDA

Bilboko Udalak Ibaizabal landa ere berritu du, auzoko aisialdi guneen arteko elkargunea. Zehazki, berriro zolatu eta berrantolatu egin da, oinezkoari protagonismo handiagoa emanez. Era berean, 9. zenbakian dagoen garagardotegiaren barnealdea berregokitu da eta irisgarritasuna nabarmen hobetu da.

Ibaizabal landa Zamakola eta Abusu kaleen arteko bizitegi eremu batean dago, eta horrek plaza garatzeko aukera handia ematen dio. Berriketarekin, Udalak espazioa hobetu du eta leku erakargarriagoa sortu du, oinezkoen irisgarritasuna sustatzeko. Plaza funtzionalagoa, estetikoagoa eta erosoagoa da orain, eta pasabide eta egonleku gisa balio du.

Hiri-altzari berriak ere jarri dira eta argiteria publikoa berritu da. Bilboko Udalak luzetarako markesina batzuk egin ditu Abusu kalean, egonleku berriei itzala emateko. Bestalde, futbol zelaiaren itxituran zeuden lore-ontziak kendu dira, eta horien ordez hormigoizko banku jarraitua jarri da. Ibaizabal landa berritzeko 521.000 euroko inbertsioa egin du Udalak.

Ibaizabal garagardotegia

Jarduketa osatzeko, Bilboko Udalak Ibaizabal garagardotegiaren egokitzapena eta barne-atontzea gauzatu ditu, plazaren 9. zenbakian, lokala bat etor dadin jardueraren eskakizunekin eta, batez ere, irisgarritasunarekin.

Garagardotegia bi eremu bereizitako lurzati batean dago. Alde batetik, eraikina dago, eta bestetik, arkupe irekia. Erreformarekin oztopo arkitektonikoak kendu dira eta barrualdea berriro banatu da, jarduera hobeto garatzeko.

Barnealdeko erreformak 2018an egindako jarduketa bat osatzen du: fatxada berregokitzea eta euri-urak husteko sistema. Emakida administratibo baten bidez ustiatzen da garagardotegia. Lan horietarako 138.350 euroko aurrekontua prestatu du Udalak.

AUZOKIDE PLANA

Lan hauek Abusu eta Ibaizabal landarako proiektatu dira, eta auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan daude, Bilboko Udalak herritarren parte hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko. Planak berekin dakar 48 milioi euro inbertitzea lau urteko epean, eta herritarrek eta eragile politiko eta sozialek uriko barrutietako kontseiluen bidez lehenetsitako hobekuntza-lan eta -jarduketak gauzatzea.