BILBO. Gaur goizean, hilak 22, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Asier Abaunza Obretako eta Hiri Plangintzako Saileko zinegotziarekin eta beste zinegotzi batzuekin batera, Errekalde eta Indautxuren arteko Calixto Díez plaza berria eta inguruko hobekuntzak inauguratu ditu. Bilboko Udalak Calixto Díez, Labayru eta Gordoniz kaleen arteko eremua berrantolatu du, Autonomía kalearekin elkartzen den tokian. Horren ondorioz, 2.300 metro koadroko plaza bat sortu da, aurretik zegoen plazaren 1.000 metro koadroaren aurrean.

"Auzoan eta bertan bizi direnak berriro dira uriko eta, noski, udal gobernu honen ekintzaren protagonistak", esan du alkateak. "Gainera - gehitu du -, proiektu hau Auzokide Planaren barruan dago eta, hortaz, auzotarren lehentasunei erantzuten die. Haiekin joan gara eskutik, Bilbo atseginagoa, irisgarriagoa eta hobea lortzeko egin dugu lan eta lan egiten jarraituko dugu".

Ingurune berria Errekalde eta Indautxu artean dago, San Frantzisko Xabier plazaren aurrean, eta Gordoniz kalearen ondoko plazatxoak eta Calixto Díez kaleari dagokion zatiak osatzen duten espazioen baturatik sortzen da. Azken hori, praktikan, bide bat zen gasolindegira sartzeko —orain kendu egin dute— eta Gordoniz eta Autonomía kaleetara ateratzeko. Jarduketaren ondorioz, eremu osoa berriro urbanizatu da, hiru kaleen artean egoteko eremu bat sortuz eta bide-tartea kenduz, azalera erabilgarri guztia aprobetxatzeko.

Gasolindegia kentzean, trafikoaren karga gutxitu egin da eta plazara hiru puntutatik sar daiteke, inguruko kale bakoitzetik bat, bertan elkartzen baitira.

Horrez gain, beste jarduketa osagarri batzuk egin dira lanak egin diren bitartean, esaterako oinezkoen pasabideak hobetzea eta berriak egitea Gordoniz kalean. Era berean, Calixto Díezen 1etik 7ra bitarteko fatxadatik Gordoniz kaleraino, plataforma bakar batean zolatu da espazioa, atarien aurrean dagoen zuhaitz-lerroa mantenduz eta fatxadaren aurrean zerrenda bat sortuz, terrazak jartzeko eta oinezkoek paseatzeko. Parterre berriak daude, lehendik dauden zuhaitz batzuk biltzen dituztenak, eta beste batzuk landatu dira. Parterre horien ondoan eserleku berriak jarri dira.

Gainera, obren ondorioz, Labayru kaleko tartea erabilera partekatuko bide bihurtu da. Espaloia zabaldu egin da eta bidea espaloiaren mailaraino igo da oinezkoentzako pasabide goratu banarekin. Halaber, Gordoniz kalean oinezkoentzako bi pasabide berri egin dira plaza berriarekin lotzeko, eta Autonomia kaleko lotunean dagoena aldatu da. Horretarako, semaforoak lekuz aldatu behar izan dira. Bilboko Udalak 1.008.000 euro inbertitu ditu lanetan.

AUZOKIDE PLANA

Calixto Díez eta Gordoniz kaleetan egindako lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planean sartzen dira. Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako dauzkan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko. Planak berekin dakar 48 milioi euro inbertitzea lau urteko epean, eta herritarrek eta eragile politiko eta sozialek uriko barrutietako kontseiluen bidez lehenetsitako hobekuntza-lan eta -jarduketak gauzatzea.