BILBO. Kulturartekotasunaren arloko gaitasuna lantzen hasteko helburuarekin, Bilboko Udalak bat egin du Donostia, Castelló de la Plana eta Tenerifeko uhartearekin, Europako Kontseiluaren Kulturarteko Hiriak programaren barruan.

Kulturartekotasunaren gaineko gaitasuna eratxikitzea erakunde publiko eta pribatuei geroz eta interes handiagoarekin galdegiten dute kolektibo hauek, jabeturik beren herritarren kultur dibertsitateaz.

Europako Kontseiluak finantzatutako proiektu hau zuzenean lotuta dago Herritarren eta Aniztasunaren II. Udal Planaren kulturarteko adimen eta gaitasunaren arloarekin. Horrelako programekin, Udalak adierazi duenez, tresnak eskaini nahi dizkie eragile publikoei zein bestelako eragile garrantzitsuei aniztasuna eta kulturarteko ikuspegia kudeatzeko gai izan daitezen, informazio fidagarri eta kontrastatuarekin lan eginez eta erabakirik egokienak hartuz. Gainera, sareko lana sustatzeko beharrarekin guztiz bat datorrela adierazi dute, beste erakunde eta entitate batzuek lortutako ikaskuntzak eta esperientziak gehituz: RECI ingurunean zein MATIZ Elkartearen eta La Lagunako Unibertsitatearen bat-egiteren bitartez.

PARTE-HARTZE BIDEZKO METODOLOGIA

Proiektuaren xedea da toki administrazioen zerbitzuan lan egiten duten langileek kulturartekotasunari buruzko gaitasunak gara ditzaten, kulturarteko hiriak eraikitzeko bidean aurrera egitearren, eta, horretarako, hiru fase antolatu dira, parte hartze bidezko metodologiaz gauzatzeko. Hala, lehenengo fasean, laginketa bat egingo da Administrazioaren arlo batzuetako eta besteetako profesionalen artean, jakitearren zer zalantza izaten dituzten kulturartekotasunari buruzko ekimen eraginkorrak diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko orduan.

Ondoren, bigarren fasean erantzungo zaie gai horiei, formazio modulu praktiko baten bidez, toki korporazioekin harremana duten pertsonek arian-arian barnera ditzaten sektore publikoak sustatutako proiektu orok kulturarteko ikuspegia jasoko badu ezinbestean eduki behar dituen elementuak.

Azkenik, proiektuaren hirugarren fasea gauzatuko da, zeinean proiektuak lantzeko eskuliburu praktiko bat landu eta zabalduko den, administrazio publikoetako langileek jakin dezaten zeintzuk diren funtsezko gakoak kulturartekotasunaren ikuspegia daramaten ekimenak diseinatzeko prozesuan. Eskuliburu hori, gainera, toki administrazioen sektore-eskumen batzuetarako eta besteetarako izango da baliagarri, bai eta entitate pribatuen proposamenak ebaluatzeko ere, haiek Udalaren diru-laguntzetarako edo lizitazio publikoetarako deialdietan parte hartzen dutenerako.

Horrek guztiak esan nahi du erantzun egin behar zaiola Kulturarteko Hirien Espainiako Sareak (Red Española de Ciudades Interculturales, RECI) Esku hartzeko 2020ko Planean agertutako beharrizanari, plan horretan jasotzen baita egokia litzatekeela beharrezkoak diren ezagutzak eskuratzeko tresna praktikoak lantzea eta garatzea, hiri batzuek eta besteek dauzkaten beharrizanei erantzutearren.

Bilbo, Tenerife uhartea, Castelló de la Plana eta Donostia sare horretan daude, eta dagoeneko zortzi urteko esperientzia bildu dute elkarrekiko lankidetzan. Horri gehitu behar zaio La Lagunako Unibertsitate Fundazio Orokorrak eta MATIZ balioetan hezteko Bilboko gizarte entitateak ezagutza eskualdatzearen arloan lortua duten espezializazioa.

Era berean, arlo publikoan kultur arteko gaitasunak garatzearren, Europako Kontseiluak, halaber, Melitopol (Ukraina) eta Ballarat (Australia) hiriek elkarrekin daramaten proiektu bat finantzatu du. Bi herrialde horien arteko elkarlan bat da, eta xedea du kulturartekotasunaren arloko informazioa ahalik eta gehien hedatzeko ahalegina egitea. Hala, hartu nahi den gaitasuna ez da soilik arlo horri buruzkoa, baita ere, eta batez ere, lurralde horietako bakoitzari egokituz aplikatzekoak diren printzipioei buruzkoa.

Bilbo, Tenerife, Castelló de la Plana eta Donostia dabiltzan bide horretatik dabiltza Melitopol eta Ballarat hiriak ere, eta abian jarriko dute gaitzeko modulu bat eta eskuliburu bat, tokiko agintarientzat eta gizarteko sektore batzuentzat eta besteentzat, hala nola hedabideentzat eta poliziarentzat.

Eginkizun horretan ari dira dagoeneko Melitopoleko Udala, Estatu Unibertsitate Pedagogikoa, Gizarte Ikerketetako Zentroa, Gazte Gunea, Gutxiengoen Elkartea, Liburutegiak, Ballarateko Kulturarteko Eskualde Kontseilua (BRMC), Ballarateko Komunitate Osasuneko Zentroa, Kulturarteko Gazteriaren Zentroa, Hiriko Gazteentzako Zerbitzuak, Liburutegiak eta Ballarateko Hiria - Kulturarteko Enbaxadoreak. Eta, horrela, Ukrainako eta Australiako hiri horiek bat egiten dute Bilbo, Castelló de la Plana eta Donostia hiriekin eta Tenerife uhartearekin, gizarte geroz eta kulturartekoagoak eraikitzeko aliatuak izanik.