BILBO. #BilbaoUda2020 ekimenaren programazioak bertsolaritzarako leku bat izango du. Uztailean eta abuztuan topaketa bana izango da Santutxuko Basarrate landan, Euskal Museoko atarian, Bidebarrieta liburutegian eta Deustuko San Pedro plazan, bertsolaritzaren inguruan; urian udan zehar #BilbaoUda2020 programazioaren barruan gauzatzekoak diren kultur proposamenen artean nahitaez egon behar zuen bertsolaritzak ere.

Lehenengo topaketa uztailaren 15ean izango da, datorren asteazkenean, Euskal Museoaren Atarian, "Gorria" izango duelarik goiburu, bertsolaritza eta flamenkoa sustatuz".

"Gorria" ikuskizunean, bertsolaritza nahiz flamenkoa ardatz beraren inguruan bilduko dira: inprobisazioa. Batera jardungo dira inprobisatzen Miren Amuriza bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta dantzaria. Ikuskizunean zehar, biak ala biak arituko dira kantuan eta dantzan, nor bere hizkuntzarekin, eta, hala, kode konpartituak eraikiko dituzte bientzako funtsezkoa den molde batetik abiatuta: kopla. Sinbologia gorria erabiliko dute hari gisa (bizitza eta heriotza, arriskuak eta debekuak, karga ideologikoa, lotsa, desira€). Sortzaile biak jardungo dira gutako bakoitza edo gu geu gizatalde gisa zeharkatzen gaituzten gatazkez, eta, horretarako, gitarraren eta perkusioaren soinuak hartuko dituzte oinarri, eszenaratzea soil eta zaindu batekin.

Hurrengo egunean, uztailak 16, eguena, bertso-saio bat izango da, Euskal Herriko 5 finalistekin: Julio Coto, Iñaki Viñaspre, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi arituko dira.

Bost finalista horien bertso jaialdiak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Xilaba ekitaldian (Iparraldean) eta Nafarroan egin ohi dira. Eta, finalistak, bestalde, Euskal Herriko Bertsolarien Nazio Txapelketan arituak izaten dira lehenago, hau da, lau urtean behin egiten den final handian. #BilbaoUda2020 programazioaren barruan, Santutxuko Basarrate Landan bilduko dira egungo txapeldunak, bertso saio batean, txapeldunen emanaldi bat gozatzeko aukera bakar eta ezin hobea eskainiz.

Hurrengo hitzordua abuztuaren 19an izango da, Bidebarrietako liburutegian. Gune horretan, saio oso berezi bat eskainiko da, literatura eta bertsolaritza eskutik oratuta joango direlarik, Maialen Lujanbiorekin, Unai Elorriagarekin eta Karmele Jaiorekin.

Bi bertsolariak Karmele Jaioren agindupean jardungo dira. Idazle horiek literatur irakurgai batzuk irakurri ostean, hainbat gai proposatuko zaizkie bertsolariei. Hiru egile, hiru ahots elkarlanean, eta ikusleak aukera izango du erregistro guztiak batuko dituen programa batez gozatzeko: umorea, poesia eta kontaketa (ekintzazkoa nahiz solasketazkoa), baina, betiere, bertso saio baten ohiko moldeak hautsi gabe (inprobisazioa, uneko inguruabarrei egokitzea eta abar), eta aukera emanez literaturaz ere gozatzeko.

Lau hitzordu horien arteko atzenengoa abuztuaren 26an izango da, eguaztenarekin, Deustuko San Pedro plazan. Han izango da "Ez da kasualitatea", Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeitarekin.

"Ez da kasualitatea" bertso-saio musikaz lagundu bat da. Lau bertsolari horiekin batera, bi musikarik joko dituzte biolina eta gitarra. Programa honetan, umorea, jolasa, gogoeta, emakume arteko konplizitatea, musika eta bertsoa nahasten dira. Izan ere, ikuskizun honetan, lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumeak dira, eta apropos, gainera. Horretxegatik izenburu hori, gehienetan gizonezkoak baizik ez direlako aritzen saioetan.

Jardunaldi guztiak 19:00etan izango dira, eta doan izango dira, lekua bete arte.

  • "Gorria, uztailaren 15ean ospatuko da, Euskal Museoaren atarian, eta beharrezkoa izango da gonbidapena. Telefono honetara deitu behar da sarrerak lortzeko: 94 415 54 23.
  • Abuztuaren 19an Bidebarrieta Liburutegian egingo den saiorako ere gonbidapena beharko da. Esteka honetan daude eskuragarri.

#BILBAOUDA2020

Bilboko Udalak antolatzen du #BilbaoUda2020 programazioa, eta, beraren bitartez, aisialdiko eta kulturako 150 jarduera baino gehiago eskainiko dira udan zehar urian. Proposamen hauek #BilbaoAurrera Udal Planaren barruan datoz. Planaren helburua da, hain zuzen ere, Covid-19aren ondorioak arintzea egoerak gehien kaltetu dituen lanbide-sektoreetan.

OSASUN-SEGURTASUNA

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Horretarako, programako proposamenak formatu txikikoak izango dira, sarrera kopurua mugatuta egongo da eta publikoa beti eserita. Modu berean, maskara nahitaezkoa izango da #BilbaoUda2020-ren ikuskizun guztietan, espazio itxietan zein irekietan.