BILBO. Koronabirusak gizartean eragin dituen kalte guztien artean, krisialdi ekonomikoa izan da nabarmengarrienetariko bat. Saltoki askok itxita eman behar izan dituzte hiru hilabete luze, eta horrek kalte ekonomiko handiak ekarri ditu. Horregatik, egoera horri buelta emateko, Bilboko Udalak uriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan kontsumitzera animatzen duen kanpaina bat jarri du martxan.

Talde politiko guztiek adostu duten #BilbaoAurrera Premiazko Neurrien Planean ezarritako jarraibideak betez, Udalak komunikazio kanpaina bat jarriko du martxan orain. Kanpaina honen xede nagusia da tokiko kontsumoa eta kontsumo arduratsua bultzatzea, geure inguruko komertzio eta ostalaritza-negozioetan, hirian dauden turismo eta aisialdi arloko negozioak babesteaz gain.

"Erosi, kontsumitu eta dibertitu Bilbon" izenburu orokorrarekin, "zeure auzoko komertzioa eta ostalaritza, bertokoak" babestu nahi ditugu. Izan ere, komertzioa eta ostalaritza izan dira Covid-19-ak gehien kolpatu dituen sektoreetako bi. Kanpaina honek zenbait euskarri izango ditu. Herritarren artean sentsibilitatea sortu nahi du, geure auzoetako dendetan eta ostalaritza-negozioetan erosi eta kontsumitu dezaten; izan ere, hurbileko komertzioa eta ostalaritza dira tokiko bizitzaren eta nortasunaren eta aberastasunaren bultzatzaile, eta hirian etorkizunean sor litezkeen balizko negozioen traktore.

Ekimen honen jarraipen gisa, kontsumo-bonuak eskainiko dira. Bonu hauek lau eratakoak izango dira: komertziokoak, milioi bat euroko aurrekontuarekin guztira; ostalaritza eta jatetxeetakoak, milioi bat eurokoak; turismoko bonuak, 500.000 eurokoak; eta kulturakoak, 500.000 eurokoak. Irailetik aurrera aterako ditu Bilboko Udalak hiriarentzako bonuak.

#BILBAOAURRERA PLANA

Abian jartzen ari garen komunikazio-kanpaina, arestian esan dugunez, #BilbaoAurrera planaren barruan dago: gizarte, ekonomia eta kultur larrialdiko programa bat da, 15 milioi euroko dotazioarekin eta 50 neurri baino gehiagorekin. Planaren helburua da Covid-19-aren osasun-krisiak uriko pertsonengan eta enpresetan izan dituen ondorioak konpontzea. Bilboko Udaleko talde politiko guztiek egin eta adostu dute Plan hori.

Beste neurri ekonomiko batzuen artean, enpresentzako pizgarri fiskalak jarri dira abian, zerga eta tasetan murrizketa eta hobari aukera zabalarekin. Pizgarri horiek 3 milioi euroko eragin ekonomikoa izango dute.

Era berean, Bilboko eskualdeko merkataritza elkarteei emandako dirulaguntza izendunak % 100 gehitu dira, eta orain 276.000 euro dira. Horren helburua merkataritza-jarduera dinamizatzeko eta Bilboko auzoetan kontsumoa sustatzeko eta sustatzeko ekintza bereziak bultzatzea da eta, horrez gain, tokiko elkartegintza indartzea, egiten duen lan garrantzitsuagatik.

Gainera, 500.000 euroko laguntza eman da saltoki txikiek, ostalariek, jatetxeetako jabeek babes-materiala eros dezaten, Bilbon Covid-19aren inguruko segurtasun-protokoloak eragindako gastuei aurre egiteko.