BILBO. Koronabirusaren krisiak martxoan Bilboko Musika Eskolako klaseak bertan behera uztera behartu zuen. Hori dela eta, Bilbao Musikak ikasturte honetako kuotaren zati bat itzuliko die aurten matrikulatuta dauden 1.700 ikasle baino gehiagori.

Bilbao Musikako Kontseiluak onartutako proposamenak honako itzulketa hauek aurreikusten ditu:

  • Ikasle guztiei guztira 37.800 euro itzultzea martxoaren 12tik apirilaren 5era bitarteko aldiagatik, hau da, eskolak eten zirenetik Aste Santuko oporrak hasi ziren arte.
  • Taldeko eskoletako ikasleei kuotaren % 30 itzultzea, 12tik apirilaren 5era bitarteko aldiagatik, hau da, eskolak eten zirenetik Aste Santuko oporrak hasi ziren arte eta apirilaren 20tik ikasturtearen amaierara bitarteko aldiagatik, eskolak ezin izan baitu bermatu koruko, dantza tradizionaleko eta talde instrumentaleko eskolak eta inprobisazio tailerra bete-betean ematea, ikasgai hauek taldean praktikatu behar direlako.
  • Banakako eskoletako ikasleei kuotaren %15 itzultzea, martxoaren 12tik apirilaren 5era bitarteko aldiagatik, hau da, eskolak eten zirenetik Aste Santuko oporrak hasi arte eta apirilaren 20tik ekainaren 13ra bitarteko aldiagatik, eskolak baliabide telematikoen bidez ematean sortutako eragozpenengatik.

MUSIKA ESKOLA TEKNOLOGIA BERRIEN BIDEZ EGOKITU DA

Joan den martxoaren 12an, Covid-19ak eragindako osasun-larrialdia dela eta, Bilboko Udal Musika Eskolak aurrez aurreko jarduera oro etetea erabaki zuen eta ordutik, maila guztietako ikasle zein irakasleak, koronabirusaren pandemiak inposatutako konfinamendura egokitu behar izan dira. Denbora honetan, zuzendaritza eta irakasleak ikasleekin harremanetan egon dira, ahal den neurrian eskolak ematen jarraitzeko.

Zentzu honetan, eskola presentzialetara noiz itzul daitekeen zalantzaren aurrean, BilbaoMusika Eskolak hainbat neurri hartu ditu, ikasle guztiak ikasten jarraitu ahal izan dezaten, murrizketak gorabehera. Ekimen aipagarrienetako bat Bilbao Musika Eskola Telebistaren abiaraztea da. Kanal honetan, aldian-aldian, hezkuntza-edukiak, ikasleen entzunaldiak eta eskolako hezkuntza komunitatearentzat interesgarriak diren beste gai batzuk argitaratzen ari dira.

Era berean, Bilbao Musika Eskolak ikasgela birtual bat ere ireki du, extranetaren bidez eskuragarri; bertan, eskolako ikasleek ikasgai bakoitzerako material didaktikoa aurkitu ahal dute, baita kontsultak egiteko irakasleen helbide elektronikoak ere.

Udal Musika Eskolak datorren ikasturtean berriro ere irakaskuntza-jarduerari ekin ahal izatea espero du, baina osasun-agintari eskudunen irizpide eta gomendioei eta Covid-19aren bilakaera epidemikoari adi egongo da.