BILBO. 'Ganeko Crew' lana asteazkenean antzeztuko da San Frantziskoko Udaltegian. Bi emanaldi izango dira arratsaldeko 19:00etan eta 20:00etan. Aforoa mugatua denez, 20 pertsonentzako, beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea udaltegi bertan. BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiko ikasleek eszenaratuko dute

"Ganeko Crew" umore absurduko ikuskizuna da, ikus-entzuleak pertseida gau baten misterioan murgiltzen dituena. Sormen kolektiboko prozesu horrek ibilbide sentsoriala eta parte-hartzailea proposatzen du, Ganekogorta mendian elkartu den jende talde baten esperientzia kontatzeko. Usue Martinezek, Marina Lapuentek, Aitor Arabiourrutiak eta Olatz Gorrotxategik osatzen duten konpainiak, talde bateko kide izateak sortzen dituen harremanetan eta menpekotasunetan eta gizakiak talde horretako kide izateko duen etengabeko premia ikertzen du, ikuspegi dibertigarri eta lotsagabe samarretik kontatuta, eta beti ere entretenimendua, harridura eta zoramen eszenikoa helburu izanda.

Urteko lehen hiruhileko honetarako programazioak -martxoaren 27ra arte-, hiriko 14 konpainiak eskainiko dituzten 17 antzerki eta dantza emanaldi jasoko ditu. Asteazken honetarako programatuta dagoen emanaldiaz gain, azpimarragarriak dira euskarazko pieza onenaren "Kriselu" Saria eta Pabellón 6ko VII. Jardunaldietako ikus-entzuleen saria jaso dituen Goitibera Teatroren euskarazko "Amatxik dixit" antzezlana, besteak beste. Aipamen berezia merezi dute, baita ere, "Las fosas abisales" antzezlana estreinatuko duen Katastrofen Teatro konpainiak, edo "Las indogmables" lanaren bertsio berriztatuarekin etorriko den Las Entes taldeak.

Horrez gain, ikus-entzuleek berriro aurkituko dituzte zirkuituan ohikoak diren zenbait konpainia, Mama Crea, Con la que está cayendo edo Iuris Tantum, besteak beste, eta programazioa Acércate Teatro, Bilbao Improg Big Band, Green Room, Aimara Teatro, Ana Capilla, Loida A. Gómez edo Alopargo Teatroa taldeek osatuko dute.

Bilboko Zirkuituaren programazioak beste bi proposamen izango ditu aste honetarako: ostegunean, otsailaren 6, eta ostiralean, hilaren 7an. Horrela, ostegun honetan, Otxarkoagako Udaltegiak Acércate Teatroren "Dalias" antzezlana jasoko du. Federico García Lorcaren testuetan oinarritutako lana da, Eriz Cerezo Ferrónek eta Zaloa Gómez Arrietak antzeztua. Testuaz gain, gorputza ere erabiltzen dute adierazteko, eta, beraz, mugimendu eszenikoa, antzerki fisikoa edo dantza presente daude historian zehar.

Hurrengo egunean, ostiralean, otsailaren 7an, Castañoseko Udal Zentroak Goitibera Teatro taldearen "Amatxik dixit" euskarazko pieza eskainiko du. Marcelinaren eta Rafaelen oroimena berreskuratu eta Gerra Zibilean eta Frankismoan jazarri eta kondenatu zituzten pertsonak omendu nahi dituen maitasun eta gerra istorioa. Antzerki fisikoa, Memoria historikoa eta komedia dramatikoa dakartzan lanak Saioa Iribarrenen gidoia du, eta Nerea Ariznabarretak, Gaizka Chamizok eta Ander Basalduak antzezten dute. "Amatxik dixit" otsailaren 20an ere ikusi ahal izango da San Frantziskoko Udaltegian. Euskarazko pieza onenaren "Kriselu" Saria eta Pabellón 6ko VII. Jardunaldietako ikus-entzuleen saria jaso ditu.

SORKUNTZARI LAGUNTZA

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du Bilboko Zirkuituarekin, tokiko eszena bultzatzeko eta antzerkia Hiriko auzo guztietara eramateko helburu bikoitzarekin. Aurreko edizioetan bezala, emanaldiak arratsaldeko 19:30etik aurrera programatu dira, bi emanaldi, 19:00etan eta 20:00etan izango dituen asteazkeneko inaugurazioko ikuskizuna izan ezik. Ikuskizun horretarako beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea San Frantziskoko Udaltegian bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik hasita, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Zirkuitua programa, benetako aukera da sortzaile berriek eta antzerki eta dantza taldeek euren lanak eszenan agertu eta ikus-entzuleen aurrean antzez ditzaten. Gainera, Bilbon egindako egungo proposamen freskoenez gozatzeko eremu egokiena da. Horrez gain, programa honek Bilboren kultur eskaintza deszentralizatzen ere laguntzen du. Denborarekin, egitaraua ia hiriko auzo guztietara zabaldu da. Auzo horietako askok urte osoan barrualdean ikusteko jasotzen duten Arte Eszeniko eskaintza bakarra da.

Duela hamarkada bat baino gehiago programa martxan jarri zenetik, zabalduz eta emanaldi eta eszenatoki kopurua handituz joan da. Bilboko Zirkuitua, genero horretako ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadi osoan. Gainera, asko dira denbora tarte honetan profesional bilakatu diren konpainiak.

ZIRKUITUA PROGRAMA 2020KO OTSAILA-MARTXOA

OTSAILAK 5: "Ganeko Crew" (Ganeko Crew) San Frantziskoko Udaltegian. 19:00etan eta 20:00etan

OTSAILAK 6: "Dalias" (Acércate Teatro) Otxarkoagako Udaltegian.

OTSAILAK 7: "Amatxik dixit" (Teatro Goitibera) Castañoseko Udaltegian. Euskaraz.

OTSAILAK 13: "Los piojos". (Mama Crea) Begoñako Udaltegian.

OTSAILAK 14: "Neopreno". (Katastrofen Teatro) Basurtuko Udaltegian.

OTSAILAK 20: "Amatxik dixit" (Teatro Goitibera) San Frantziskoko Udaltegian. Euskaraz.

OTSAILAK 21: "Las indogmables" (Las Entes) Zorrotzan - Auzoka.

OTSAILAK 26: "Las indogmables" (Las Entes) Castañoseko Udaltegian.

OTSAILAK 27: "Soundpainting" (Bilbao Impro Big Bad) Otxarkoagako Udaltegian

OTSAILAK 28: "El espíritu burlón" (Green Room) Begoñako Udaltegian.

MARTXOAK 5: "El enfermo imaginario" (Aimara Teatro) Basurtuko Udaltegian.

MARTXOAK 6: "Aquí no paga nadie" (Con la que está cayendo) Errekaldeko Udaltegian.

MARTXOAK 12: "Las fosas abisales" (Katastrofen Teatro) Otxarkoagako Udaltegian.

MARTXOAK 13: "Raúl no cenes solo" (Iuris Tantum) Zorrotzako Udaltegian.

MARTXOAK 25: "Cajita de música" (Ana Capilla) Castañoseko Udaltegian.

MARTXOAK 26: "Artaud y otros animales" (Loida A. Gómez) San Frantziskoko Udaltegian.

MARTXOAK 27: "Rebelión en la granja" (Alopargo Teatroa) Errekaldeko Udaltegian.

Emanaldiak 19:30ean hasiko dira -saioak 19:00etan eta 20:00etan izango dituen emanaldi bikoitza izan ezik-, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Zorrotzako eta Castañoseko udaltegietan, sarrera librea izango da, udaltegietan bertan emanaldiak hasi baino ordubete lehenaotik hasita jaso beharko den gonbidapenarekin.