BILBO. Bilboko Udalak 2021eko lehenengo hiruhilabetearen amaieran emango dio behin betiko onespena Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriari

Zehazki, Udalbatzarrak gaur onetsi du jendaurrean jartzea HAPOa Berrikusteko Agiria, 45 egun naturaleko epean, atzenengo balorazio-txostenaren ondoriozko aldaketa ez-funtsezkoak erantsi ostean. Txosten hori heldu da alegazioak partez baiestetik eta txosten sektorialetatik, bai eta Plan Orokorra Berrikusteko Bulegoak proposatutako egokitzapenetatik. Hala, Plangintzarako Aholku Batzordeak agiriaren aldeko txostena eman zuen iragan abenduan.

19 txosten sektorial jaso dira, guztira, Estatuko Administrazioak, Eusko Jaurlaritzako Administrazioak, Foru Administrazioak eta Etxebarriko Udalak aurkezturik. Era berean, 265 alegazio aurkeztu zituzten erakunde, entitate, auzo-elkarte, enpresa, talde politiko eta norbanakoek, eta horietatik 84 osorik eta 59 partez baietsi dira. Guztira, 2.371 pertsonak sinatu zituzten aurkeztutako alegazioak, eta haien artean baietsiak izan zirenak 1.168 pertsonak sinatu zituzten, hau da, aurkeztuetakoen % 87, ia.

Hona hemen aldaketa nagusietako batzuk, HAPO berriaren hasierako onarpenaren aldean, jendaurrean jarrita eduki ostekoak:

Plan Orokorra lantzeko lege-esparrua doitzea, hauen arabera:

  • 4/2019 Legea, otsailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Jasangarritasunari buruzkoa.
  • 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultur Ondareari buruzkoa.
  • 10/2019 Legea, ekainaren 27koa, saltoki handien lurralde-antolamenduari buruzkoa.
  • EAEko lurralde Antolamenduaren Gidalerroak, 2019ko uztailaren 30eko dekretuz onetsiak behin betiko.

Doitzeak eta osatzeak hirigintzako garapen berrietan eta azpizonakatze xehatuetan.

  • Etxebizitzen kopurua emendatzea Olabeagako garapen berriaren azpieremuan. 420 etxebizitzatik 620ra, gutxi gorabehera.
  • Olabarri jauregiaren kalifikazioa aldatzea, ekipamenduaren izaera kendu eta hirugarren sektoreko erabilerarena emanez (Olabarri jauregia, Bilboko Portuaren behinolako egoitza).
  • Uriortu kalean-Tibolin Jesusen Bihotzaren Mirabeen ikastetxearen antolamendu xehatua berraztertzea, eta espazio libre berri bat sortzea Anselma de Salces kalean, eta eraikinaren ordez etxebizitza libre eta tasatuak eta irakaskuntzarako eraikin berri bat ipiniz.
  • Perituen antzinako eskolaren azpieremuaren antolamendua aldatzea (La Casillan), bizitegietarako baino ez izatetik hainbat erabilera nahastera igaroz: ekipamendu erabilera (Foru Aldundiaren bulegoak) eta bizitegietarako erabilera.
  • Antolamendu xehatuko hainbat fitxa osatzea eta/edo doitzea hasierako onespenean ageri ziren hainbat azpieremutan, dela alegazioen ondorioz eta/edo taldeak berak eraginik.
  • Ametzolako Plan Bereziaren zuzkidura-jardunak jasotzea, eta HAPO berrian sartzea behin betiko.

Era berean, proposatu da berrikustea bizitegietarako eraikinen beheko solairuko lokaletan (beheko solairuetan eta haiekin parekagarrietan) etxebizitzak baimentzeko ordenantza:

Berrikusi egiten dira osoki beheko solairuetako lokalak etxebizitza bihurtzeko baimenak emateko irizpideak, eta baimenak ukatzeko kasu hauek ezarri:

  • Kaleetara ematen badute eta zarata, haietan, 65 dezibelio baino handiagoa bada egunez, eta 55 dezibelio baino handiagoa gauez.
  • URAk onetsitako Plan Hidrologikoaren arabera uriolek erasan ditzaketen zonak direnek ukitzen dituzten eremuak.
  • Auzo-bihotzei eta Erdiguneari dagozkion eremuak.

Azken murriztapen horrek orobat eragiten du eremu horietako beheko solairuetan garajeak eta trastelekuak ezarri nahi badira.

Aparkalekuetarako zuzkidura:

  • HAPOak ezartzen dituen gehieneko eta gutxieneko zuzkidurak berrikusi egin dira, eta arauak Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren irizpideen alde interpretatu dira.

Babes Katalogoa Berrikustea.

  • Terminologia egokitu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Ondarearen gaineko Legeak jasotzen dituen babes-kategorien arabera.

Planeamenduko Aholku Batzordeak iragan abenduan aldeko irizpena eman ostean, agiria gaur berretsi du Udalbatzak.

Uste da 2020aren erdialdera emango zaiola behin-behineko onespena Bilboko HAPO berriari, eta, aldiz, litekeena da behin betiko onespena 2021eko lehen hiruhilekoaren azken aldera gertatzea.