BILBO. Turismo arloan inoiz izandako daturik onenak lortu zituen Bilbok 2019an, ia milioi bat bisitarirekin. Konkretuki 992.890 izan ziren Bilbora hurbildu ziren pertsonak, aurreko urtean baino % 6,4 gehiago. Datuak benetan arrakastatsuak dira kontuan izanda 2018an MTV Europe Music Awards sariak eta Europako errugbi finalak urian ospatu zirela, eta hala ere 2019an datu horiek gainditu izan dira.

Turismo-balantzean, halaber, iaz 1.901.622 ostatu-gau erregistratu zirela jaso da, hau da, 2018. urtean baino % 5,7 gehiago. Bidaiariek, batez beste, 1,92 gau igaro dituzte hirian. Bi gauetara heltzea da Bilboren turismo-erronketako bat. Kopuru horiek nazioarteko turistek baino ez dute gainditzen; izan ere, hainbat egun igaro ohi dituzte hiribilduan.

2014. eta 2018. urteetan artean, 742.445 bisitari jasotzetik gaur egungo 992.890 bisitarira igaro gara; hots, denboran bilakaera jarraitua egon da hiribildura datozen turistei dagokienez. Bilbok bisitariei atentzioa ematen jarraitzen du, eta turismoa merkataritza eta ostalaritza dinamizatzen dituen jarduera-eragile bihurtu da, zeinari esker negozioak sortzen diren eta enplegua sendotzen den.

TURISMOA BIDALTZEN DUTEN MERKATU NAGUSIAK

Bilbo turismorako leku gisa finkatu da nazioartean. Iaz, 469.918 pertsona etorri ziren atzerritik Bilbora, erregistratutako sarrera guztien % 47,3, alegia. 2018. urteari dagokionez, adierazlea % 8 igo da, eta oso positiboa izan da turismoaren eta aisialdiaren sektorerako; izan ere, nazioarteko turistek gau gehiago igarotzen dituzte hirian eta gastu handiagoa egiten dute.

Bilbok irudia eta nazioarteko proiektua indartu ditu, batez ere, merkatu tradizionaletan. Aurreko urteetan bezala, Frantzia da sailkapeneko lehenengoa (% 12,5); gero, Erresuma Batua (% 11,8) eta Ameriketako Estatu Batuak (% 9,4) datoz atzetik.

2019. urtean Bilbora etorri diren pertsonen kopurua, halaber, berme bat da Bilboko Udalak hiriarentzat estrategikoak diren turismo-merkatu batzuk indartzeko egindako apustuaren aurrean, hala nola Alemaniakoa (%20 turismo-hazkundearekin), Italiakoa, aireko konexioetan bultzatuta, (%14,1) edo Japoniako (%41,3).

Estatuko merkatuaren joerari dagokionez, emaitza onak ikusi daitezke. Bidaiarien sarrerek % 5,1 egin dute gora. Madrilgo Erkidegoak lortu du lehenengo postua (% 25,1), 522.972 sarrera erregistratu ostean, eta, ondoren, Katalunia (% 14,8) eta Euskadi daude (%13,1).

OKUPAZIO-MAILARI EUTSI ZAIO

2019. urtean, hotelen eskaintza handitu du Bilboko hiribilduak, eta zortzi establezimendu berri gehitu dizkio hotelen eskaintzari (497 plaza). Inguruabar horrek ez du eraginik izan hotelen okupazioan, % 61,7n eutsi baitio. Zenbateko horrek argi uzten du Bilboko Udalak egindako apustua, zeinaren bitartez kultura, gastronomia, arkitektura, aisialdia, merkataritza eta, batik bat, identitatea eta berezitasuna eskaintzen dizkien bisitatzen gaituztenei.