Gaur goizean

60 gazte inguruk hartu dute parte Bilboko Udalak antolatutako grafiti tailerrean

26.12.2019 | 14:04
Gazte bat grafiti bat egiten Bilboko Udalak Gabonetan umeentzako aisialdi-eskaintzaren barruan antolatzen dituen tailerretako batean.

BILBO. 6 eta 11 urte bitarteko 60 gazte inguruk hartu dute parte gaur goizean Bilboko Udalak Europa parkean antolatu duen grafiti tailerran, Gabonetan umeentzako antolatzen dituen ekintzen artean dagoena. 

Gabongune, Gabonkide, Neguleku eta Gabonetan primeran kirola eginez umeentzako aisialdi-programak dira Bilboko Udalak Gabonetarako (#Gabonak) prestatu dituen aisialdiko eskaintzaren parte. Guztira, 1.500 plaza baino gehiago eskaintzen dira 3 eta 16 urte bitarteko adinbakoek harremanetarako espazio bat eduki dezaten, olgatu daitezen ikasiz eta kirolen bat eginez.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, "bizi ohitura osasungarriak, talde-lana eta adiskidetasuna eta beste sustatzeko programak dira", "ez dugu nahi adinbakoak etxean geratzea, telebista edo beste pantailaren baten aurrean egun osoan; nahi dugu kalera atera daitezen, elkar daitezen eta josta daitezen irudimena erabiliz, ikasiz, jostatuz eta lagun berriak eginez".

Errotetak, halaber, nabarmendu du programa horiek berekin dakartela "lana eta familia bizimodua urteko garai honetan uztartu ahal izateko modu bat familientzat, askok eta askok uztartu behar izaten baitituzte laneko betebeharrak eta adinbakoen eskola oporrak".

Bilboko Udalak plazen % 20 inguru izendatzen ditu familia zaurgarri eta ekonomia-baliabide urrikoentzat, udal baliabideak balia ahal izan ditzaten, kasu honetan aisialdi hezitzaile eta osasungarriko baliabideak, normaltasunez. Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako Saileko zinegotziak gogorarazi duenez, "gure ustean, axola handikoa da bestelako aukerak eskaintzea, adinbako guztiek gozatu ahal izan dezaten, olgatu ahal izan daitezen eta kalitatezko aisialdirako aukera izan dezaten berdintasunean", "guneak sortu nahi ditugu, guztiek parteka ditzaten zaletasunak eta gustuak, eta, aldi berean, adiskide berriak izan".

Umeentzako aisialdiaren eskaintzaz gain, gazteen aisialdikoa ere hor izango da, eta, hala Bilboko Udalak, bigarrenez, "#GazteKluba GABONAK" antolatu du, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat, eta 2020ko urtarrilaren 3tik aurrea gauzatuko da. Asmoa, oraingoan ere, gazteei jolaserako eta elkarrekin egoteko gune bat eskaintzea da, non dantza, sormena, kirola edo teknologia sustatuko diren, besteak beste. Denen gustuko planak dauzkan egitasmo bat da, dela Bilbotik kanpora irtenez egingo diren txangoak, dela Bilborocken egingo diren jarduerak, kirola nahiz Gazteguneetako programazioa.