BILBO. 45 haur eta nerabek hartu dute parte UNICEFek eta Gasteizko Udalak antolatutako Euskadiko Haurren Partaidetzarako Kontseiluen I. Topaketan.

"Gaur egun berezia da UNICEF duela 73 urte sortu zelako. Urte berezia da, duela gutxi Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 30. urteurrena ospatu dugulako”, esan du Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko Presidenteak. "Beraz, haur eta nerabeen eskubideen alde lan egiteko egun paregabea da gaurkoa. Haurrek erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea nahi dugu, erabakitzeko ahalmena dutenei beren iritzia ezagutzera emanez".

Arabako hiriburuko Europa Biltzar Jauregian ospatu da Haurren Partaidetzarako Kontseiluen Euskadiko I Topaketa, zeinetan 9 eta 16 urte bitarteko 45 haurrek parte hartu duten: UNICEFen Haurren Lagun diren Hiriak zigilua duten udalerrietako haurrak (Bilboko 9, Ortuellako 6 eta Gasteizko 8), baita Leioako Partaidetza Kontseiluko 12 haur eta Arartekoko 10 haur ere. Ordezkari tekniko eta politikoen artean, Arrasate, Barakaldo, Bilbo, Ermua, Irun, Leioa, Madril, Ortuella, Pasaia, Sopuerta eta Gasteizko Udaletako ordezkaritza egon da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko, Arartekoko, Haurren Hirien Sareko, Eusko Jaurlaritzako, Ingurugeletako eta Berritzegune Nagusiko ordezkariak ere.

Aitzindari izango den batzar honek haurrek eta nerabeek beraiei eragiten dieten guztian parte hartzeko eskubidea gauzatzen laguntzeko oinarria sortu nahi izan du; autonomia erkidegoaren barnean parte hartzeko kontseilu desberdinen artean esperientziak trukatzea; profesionalen eta dinamizatzaileen arteko esperientziak trukatzea; baita etorkizunerako baliagarria izango den dokumentua lortzeko ere, haurren parte-hartzearen gaiari jarraitutasuna emateko tresna izanik.