BILBO. Espero diren tenperatura baxuak direla eta, Bilboko Udalak 321 plaza eskainiko ditu aurtengo neguan aterpetxeetan etxerik gabeko pertsonentzat. Neguko denboraldia atzo hasi zen, hilak 4, eta horretarako ohikoak direnak baino 60 plaza inguru gehiago prestatuko ditu Udalak.

Bilbok gaueko zentroen sare bat dauka, urte osoan, etxerik gabeko pertsonentzat. Guztira 230 plaza eskaintzen dira:

  • Elexabarriko Udal Aterpetxean 71 plaza daude, egonaldi labur eta ertainetarako. Caritasek kudeatzen duen Lurberri Etxean 25 plaza daude, egonaldi luzeetarako.
  • Gauean harrera emateko udal zerbitzuak Uribitarteko aterpetxean: 83 plaza.
  • Lagun Artean gaueko zentroan: 32 plaza.
  • Hontza gaueko zentroan: 19 plaza.

Kopuru horrek gora egiten du neguan, hau da, azarotik apirilera: 91 plaza gehiago eskaintzen dira hiriko hainbat lekutan. Gainera, muturreko hotza dagoenean, kasu honetan bezala, 60 plaza baino gehiago eskaintzen dira.

Larrialdi-neurri hauekin, Gizarte Ekintzako Sailaren bidez ostatu eskatzen duten etxerik gabeko pertsona guztiek erantzuna eta behar bezalako arreta jasotzea nahi du Bilboko Udalak. Horrela, etxerik gabeko pertsonek aterpeetara joateko aukera daukate eta, aldi berean, hotzaren eragina murrizten dute eta euren osasuna babesten dute.

SARTZEKO BALDINTZARIK EZ

Hotz handiko boladak daudenean, Udalak ez die erabiltzaileei sartzeko baldintzarik eskatzen, neguko dispositiboan ez bezala (adinez nagusia izatea; baliabide ekonomikorik ez edukitzea; beharra edukitzea; Bilbon jarraian hiru hilabetez egotea; krisi-egoera larrian ez egotea edota bizikidetzaren arloan jokaera onartezinak ez edukitzea?).

Era berean, aterpetxeetan ez da bajarik izapidetuko hotz-boladak irauten duen bitartean, eta egonaldiak modu automatikoan luzatuko dira. Denboralea igarotzen denean, kasuak berriro baloratuko dira. Garrantzitsua da adieraztea Bilboko Udalaren Gizarte Ekintza Sailak egoeraren eta aurreikuspen meteorologikoen etengabeko jarraipena egiten duela, eta aplikatu beharreko neurriak baloratzen dira gaur egungo egoera luzatzen bada. Aurreko urteetan bezala, larrialdiko plaza gehiago prestatuko dira eskaririk egonez gero.

Ostatu emateko sistemari dagokionez, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuaren (Uribitarte kalea 11. Tel.: 944701460) bidez ohiko sistemaz edo Bilboko Udaltzaingoaren edo kaleko taldearen bidez presazko sistemaz eskatu ahalko dute interesdunek gaua pasatzeko plaza bat. Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak detektatzeko, elkarlanean lan egiten da Bilboko Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta eguneko baliabideekin, hau da, besteak beste eguneko zentroekin eta jantoki sozialekin.