BILBO. Bilboko Udalak Bilbao Ekintzarekin batera abiarazitako eta enplegu bila ari diren gazteei bideratutako Talent Itzulia tailerrak gaurtik aurrera jarriko dira martxan. Urrian zehar asteartero (1ean, 8an, 15ean, 22an eta 29an) egingo dira Zabalgunen.

Zikloa Bilbao Gazteak Sortzen programaren barruan dago, eta honen helburua da gazteriaren zati batek kontzientzia har dezan lana bilatzeko orduan norbere indarguneak eta gaitasunak identifikatzeak duen garrantziaz, bai eta horiek besteei transmititzeak, curriculumean islatzeak eta hautaketa prozesuetan azaltzeak duenaz ere.

Horretarako, antolatutako bost tailer horietan curriculumaren bueltan lan egingo da talentuaren ikuspegitik, eta txirrindularitza itzuli bateko etapen antzera antolatu da zikloa. Ekimena parte-hartzailea eta pertsonalizatua izateko helburuz, izen-ematea saio bakoitzeko 15 pertsonarentzako mugatuta dago, eta bost etapa bete beharko dira (bost tailerren bitartez) Talent Itzulia osatzeko.

BOST ETAPAK OSATUKO DUTE TALENT ITZULIA

Lehenengo etaparekin abiatuko da gaur zikloa, helburu profesionala definitzeko tailer batekin, hain zuzen. Kazetaritzako doktorea eta adimen emozionalean aditua den Ami Bondíak emango du. Saio honetan, benetako enplegua bilatzeko orduan lan mundura bideratutako asmoa eta norabidea lantzearen garrantziaz hausnartuko da.

Bigarren etapan, urriaren 8an (asteartea), eskumenak eta gaitasunak identifikatzeko tailerraren txanda izango da, Iñaki Pérezen eskutik. Giza baliabideen aholkularitza estrategikoan espezializatutako enpresaria da, eta garapen pertsonalean aditua.

Urriaren 15eko hirugarren etapa Curriculum Vitae bat egitean zentratuko da, talentua ardatz hartuta. Horrez gain, curriculum hori sare sozialetara modu zehatz eta profesionalean nola eraman landuko da. Tailer hori Naiara Pereirak zuzenduko du, giza baliabideetako eta LinkedIneko aholkulari aditua eta prestatzailea.

Laugarren etapan kontakizun erakargarri, labur eta iradokitzaile baten eraikuntza landuko da, esfera profesionalean norbere burua ezagutzera emateko gako gisa. Urriaren 22an izango da, eta jendaurrean hitz egiten espezializatutako komunikatzaile Alicia Rok emango du berbaldia.

Bostgarren etapa urriaren 29an izango da, eta Jessica Buelgaren esku egongo da. Buelga enpresei eta pertsonei zuzendutako coaching-ean aditua da. Saio horretan zehar, parte hartzaileek hautaketa prozesu batek nola funtzionatzen duen ezagutu eta aztertu ahal izango dute, bai eta etorkizuneko elkarrizketa bat prestatu ere, enplegua bilatzeko prozesu osoko azken urrats gisa.

Itxiera gisa, azaroaren 8an parte hartzaileak helmugara iristen, helburua erdietsita, irudikatuko dituen azken ekitaldia egingo da.