BILBO. Umeentzako tailerrak, graffitiak, batukada, hip-hop kontzertuak, kirol erakustaldiak eta Aullidos de Otxar talde komunitarioaren emanaldia, “Mugak hausten dituen artea” lemapeko jardunaldi honen osagai gutxi batzuk besterik ez dira, izan ere, Argentina, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Brasil, Kolonbia, Mexiko eta Marokotik etorritako hamabost bat artibistak esperientziak partekatuko dituzte bertako auzo zein kultur elkarteekin.

Topaketa honen bitartez, Nazio Batuen 2030eko Agendaren inplementazioari buruzko azterketa kritikoa bultzatu nahi da, gazteak Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) zabaldu eta zeharkako genero-ikuspegiaz gauzatzeko ahaleginari lotuz, eta GGKEen eta herritar elkarteen arteko sareen garapena sustatuz, giza-eskubideak eta bereziki ume eta emakumeenak errespetatzen direla bermatzeko.

Artibismoa, artea erreibindikaziotzat erabiltzen duten izaera aktibistako sorkuntza prozesuen bitartez, kaleko artea eta espazio publikoak berreskuratu eta mugak, begiradak zein aurreiritziak hausteko moduko topaleku amankomunak bihurtzen dituen berehalako esku-hartze soziala da.

Egun, munduan, 1.800 milioi pertsona inguruk 10 eta 24 bitarteko adina dute. Kopuru honen arabera, gazte jendeak mundua mugiarazi eta eraldatzeko moduko masa kritikoa du. Horrekin batera kontuan izan behar da, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 70/1 Ebazpenak nahitaezkotzat jo duela gazteek Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) nahiz horietan zehaztutako 169 helmugen inplementazioan ere esku hartzea, 2030eko Agenda bete ahal izateko.