BILBO. Bilboko Udal Musika Bandak zortzi kontzertu eskainiko ditu Aste Nagusian, abuztuaren 18tik 25era. Kontzertuak goizeko12:00etan izango dira Areatzako kioskoan.

Jada ohikoa denez, José R. Pascual Vilaplana zuzendari titularrak eta Iñaki Urkizu zuzendariordeak txandakatuko dute batuta aire librean ospatuko diren jardun hauetan. Gauzak horrela, guztira zortzi izango dira eskainiko diren kontzertuak. Areatzara hurbiltzen diren bilbotar guztiek Bandaren musikaz eta errepertorio aberatsez gozatzeko aukera izango dute. José R. Pascual-Vilaplanaren (abuztuak 21, 22, 23 eta 24) eskutik eta Iñaki Urkizuren (abuztuak 18, 19, 20 eta 25) eskutik.

“Martxan zinemara”, “Beste kultura batzuk”, “Juan de Orúeri buruzko monografikoa”, “Jazzean”, “Istorioak kontatzen dituzten musikak”, “Pasodobleen eta gaiten artean”, “Topaketa latinoak” eta “Dantzatzekoak” jai hauetarako aukeratutako tituluak dira. Programek betiko lez obra herrikoiak eta jai girokoak bilduko dituzte. Hala, bandak estilo desberdinetako doinuak interpretatuko ditu besteak beste, zartzuelak, euskal musika, jazza, musika latinoa, pasodobleak, antzerki musikalak, pop-a, soinu bandak eta abar luze bat.

Aipatzekoa da ere abuztuaren 23ko kontzertuan, ostirala, Martín Ariztimuño eta Jon Gaminde, Bizkaiko Gaiteroak, arituko direla gonbidatu gisa. “Pasodobleen eta gaiten artean” lelopean euren doinuak Bandaren musikari gehituko zaizkie ekitaldian zehar.

JOSÉ R. PASCUAL-VILAPLANA

Muro (Alacant), 1971. Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valléseko O.S., Murtziako O.S., Gaztela eta Leongo O.S., Bilboko O.S., Kanaria Handiko O.F., Bukaresteko O.S., Suitzako Aulos W.B., Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko Banda?

Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, José Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar. Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza?) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis González, Spanish Brass L.M.) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura.

Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen “Ignacio Morales Nieva” Musikako Sari Nazionala jaso zuen.

2015etik zuzendari titularra da Bilboko Udal Bandan eta 2018tik Bartzelonako Udal Bandako titularretako bat da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera. www.pascualvilaplana.com

IÑAKI URKIZU

Bere herriko Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita “Arrasate Musical”-en ere.

Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, “Arrasate Musical” Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen. Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen lau zenbakiak argitaratuta daude: “Jaialdia”, “Dantzaldia”, “Kantaldia” eta “Betikoskorri”. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, Oskorrí folk-talde ezagunaren omenez egina. Halaber, moldaketa asko musika-ikuskizunarentzat egin du, besteak beste, Serafín Zubirirentzat “Recordando a Nino Bravo” eta “El Baúl de los 70”.

Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. Bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, José Franco, Luis Aramburu, José Mª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Bilboko udalaren musika Bandarekin ere zenbait CD grabatu ditu, bata Bilboko Koral Elkartearekin bere 125.urteurrenan “Kantuz Hari den Herria” izeneko musika-lana, bi abesbatza eta Bandarentzat berak idatzita, eta bestea Zarzuelari eskainita, Masa Coral del Ensanche, Miren Urbieta (sopranoa), Vicenç Esteve (tenorra) eta Fernando Latorrerekin (baritonoa).

Zuzendari gonbidatua izan da Euskal Herriko zenbait Bandetan, Barakaldoko udalaren Banda, Durangoko “Tavira” Musika Banda edo Gasteizko Udalaren Banda, besteak beste. SGAEko kidea eta 2017tik Bilboko Udalaren Musika bandaren zuzendariordea da.

8 AGERTOKI ETA 100 MUSIKA EMANALDI BAINO GEHIAGO DOAN

Jarduera horiez landara, badira beste 100 musika-jarduera baino gehiago doan, Bilboko Udalak antolatuta 2019ko Aste Nagusirako. Izan ere, jakinik zeinen garrantzizkoa den musika-eskaintza jendearentzat Bilboko Aste Nagusian, ehunka jarduera izango dira era guztietako gustu eta pertsonentzat, zirrara eraginez urian zehar 8 kokalekutan.

Askotarikoak izanik, direla egungo musikako kontzertuak, edo musika klasikokoak, ahaztu gabe ohiko bilbainadak, musika-hitzorduek ere Bilboko jaien ereduaren ezaugarriak izango dituzte ardatz: kalitatea, askotarikotasuna, berdintasuna, parte hartzea eta doakoak izatea, eta musika estilo bakoitzak, bestalde, bere lekua izango du, bere kokalekua.