BILBO. Bilboko udala, Pasqual Maragall Fundazioak Alzheimerra saihesteko kanpainarekin. Kanpainaren leloa hau da: "Zeure burua zaintzen duzunean, Alzheimerrak pausu bat atzera egiten du". Bere helburua herritar guztiak sentsibilizatzea eta informatzea da. Alzheimerra gaitz hereditario ezin saihestuzko bat delako uste faltsua dago jendeen artean.
Ez dago formularik geroan Alzheimerra garatuko ez dela bermatzen duenik, baina, hala ere, ikerketari esker, gaur egun, badakigu gaitz horrek jotako pertsona baten burmuina aldaketa patologikoak jasaten hasten dela lehen sintomak agertu baino are 20 urte lehenagotik ere, eta faktore anitzek eragiten dutela hori. Jakina da, gainera, badirela arrisku-faktore aldagarriak, eta badagoela horietan eragiteko modua, gaitz hori jasateko aukerak murriztearren edo haren agertzea atzeratzearren, 3 kasutik 1ean.
"Sortzetik, Pasqual Maragall Fundazioa sinetsita egon da axola handiko kontua dela ikerketen emaitzak herritar guztiei jakitera ematea. Gaur den egunean, badakigu lehen mailako prebentzioa garrantzitsua dela, eta denok egin dezakegula zerbait gaitz hori jasateko aukerak murrizteko. Sinetsita gaude mezu honek garrantzi handia duela, eta zabaltzen lagundu beharra dugula", adierazi du Cristina Maragall Pasqual Maragall Fundazioaren bozeramaileak, jardunaldia aurkeztean.
ZER ONURA DAKARREN ALZHEIMERRA SAIHESTEKO NORK BERE BURUA ZAINTZEAK
Horixe egiaztatzeko aukera izan dute gaur Areatzako aterpeetan ezarritako karpak ikustera etorri direnek; Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateordeak, Iñigo Zubizarreta Gizarte Gaietako zuzendariak eta Pasqual Maragall Fundazioaren bozeramaile Cristina Maragallek eta neuropsikologo Nina Gramuntek inauguratu dituzte karpa horiek.
Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasunaren, Ingurumenaren, Hiri Berroneratzearen eta Garapen Jasangarriaren Politiken koordinatzailek goretsi egin du era honetako ekimenak Bilbon gauza daitezen, eta hau erantsi du: "harro gaude gure hiria delako lehen geltokia Alzheimerra saihesteko bizi-ohitura osasungarrien alde ohartarazteko kanpaina honetan, eta bilbotar guztiak animatzen ditut gaur karpetara hurbil daitezen eta ezagut dezaten zer egin dezakegun gaitz horri aurre egiteko".
Ikerketa zientifikoek zehazten dutenez, ezagumenaren endekatzearen eta dementziaren agertzearekin zerikusia duten arrisku-faktoreen artean dira: gorputz jarduera urria, tabakismoa, osasunerako elikadura eskasa, alkoholaren kontsumo kaltegarria, bakartze soziala eta ezagumen-jarduera urria. Izan ere, alderdi horietan oinarritzen dira Munduko Osasun Erakundearen gida berrietan ezagumenaren endekatzea eta dementzia eragin ditzaketen arriskuak urritzeko ematen diren gomendioak ere.
Izan ere, zahartze aktibo eta osasungarriaren sustapenaren oinarriak ezagumen- eta gizarte-jarduera, elikadura osasungarria eta gorpuz-jarduera dira, eta horiei ekinez gero, zuzen-zuzenean eragiten zaie Alzheimerra eta ezagumenaren endekatzea eragin dezaketen faktoreei, zeintzuen artean batzuk zerikusi zuzen-zuzenekoa baitaukate osasun kardiobaskularrarekin.
PASQUAL MARAGALL FUNDAZIOAZ
Pasqual Maragall Fundazioa 2008ko apirilean sortu zen, Pasqual Maragall Bartzelonako alkate ohi eta Kataluniako Generalitateko lehendakari ohiak Alzheimerra diagnostikatu ziotela jendaurrean jakinarazi ostean hartutako konpromisoaren ondorioz.