BILBO. Bilboko Udalak, “Udako Liburutegiak” Programaren beste edizio bat jarriko du martxan datorren astelehenean, ekainaren 24an. Aurten, aire libreko sei terraza izango ditu Miribillan, Zorrotzan eta San Inazion, eta uztailaren 22tik aurrera, Santutxun, Errekalden eta Uribarrin.

Udako liburutegi guztiek liburuak, prentsa eta jolasteko gunea izango dituzte, eta irakurketara bultzatzeko tailerrak eta jarduerak antolatuko dira txikientzat. Liburutegiak goizez eta arratsaldez egongo dira zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era, astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik.

Horrela, astelehen honetatik, ekainaren 24tik uztailaren 19ra, udako liburutegiak Miribillako, Zorrotzako eta San Inazioko auzoetan instalatuko dira, partaidetza aldetik arrakasta handiarekin 2017an eta 2018 egon ziren bezala. Uztailaren 22tik abuztuaren 16ra, jarduera iaz inauguratutako beste hiru lekutara eramango da, Santutxuko Karmelo plazara, Uribarriko Eskolako landara eta Errekaldeko plazara, auzo gehiagotara heltzeko eta liburuekin eta irakurketarekin aritzeko gunea sortzeko helburuz, udako oporraldietan aisialdirako alternatiba eskainiz.

Udal zerbitzuek eskaintzen jarraituko dituzten ohiko zerbitzuez gain, Udako liburutegietan liburuak, aldizkariak eta eguneroko prentsa jarriko dira guztien esku, eta batez ere umeei zuzenduta egongo diren irakurketa sustatzeko jolasak, tailerrak eta ipuin-kontakizunak antolatuko dira. Horrez gain, liburuen mailegu zerbitzuak ere martxan jarraituko du.

Horrela, jendeak etxera eroan ahal izango ditu interesatzen zaizkion liburuak, eta ezarritako epean aisiarako gune berera itzuli. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko edozein liburutegiko karnetik ez dutenek aldi baterako instalazio horietan eskatu ahal izango dute.

2018an 11.982 pertsonek hartu zuten parte Udal Liburutegien jardueretan eta eskainitako zerbitzuak erabili zituzten.