BILBO. Zirku garaikide, antzerki eta dantza hiru proiektuk 4.000 euroko laguntzak jasoko dituzte Bilboko udalaren “Artistak egoitzan” programari esker. Jasotako proposamen artean udalak NODEk aurkeztutako “PUGNA”, Gorka Pereirak (Zirkozaurre) aurkeztutako “Tiempo” eta Eguzki Zubia artistaren “PERDURABLETercer acto” proiektua aukeratu ditu.

Aukeratutako egitasmo bakoitzak 4.000 euroko laguntza jasoko du eta, horrez gain, BilbaoEszenak lekua eta laguntza teknikoa eskainiko dizkio, bere sorkuntza egitasmoa edo ikerketa eszenikoa aurrera eraman ahal izateko. Horrez gain, sorkuntza prozesua ikus-entzuleen edo/eta sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, urriaren amaieran egingo den Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, BADen, hurrengo edizioaren barruan.

Nekane Alonso funtzioetako Kultura Saileko zinegotzi eskuordetuak, Iñaki López de Aguileta Kultura zuzendariak, Justo Ezenarro Kultur Programazio zuzendariordeak eta Alicia Otxandategi BADeko zuzendariak osatzen duten Programazioaren Balorazio Batzordeak, emakumearekin erlazionatutako gaiak jorratzen dituzten lan ugarien eta diziplina anitzeko osagai indartsua duten lengoaia berriak erakusten dituzten proposamenen presentzia azpimarratu du. Aukeratutako hiru proposamenak hauek dira:

Gipuzkoako NODE konpainiaren “PUGNA”. Sorkuntza prozesuetan murgilduta, sorkuntza artistiko era berriak bultzatzeko apustua egiten dute, komunikaziorako kanal berriak ikertzen dituzten bitartean. “PUGNA”, testuinguru eszeniko berean dantza garaikidea, zuzeneko musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak bateratzen dituen performance pieza da. “PUGNA” lanak, indarren arteko elkarrizketaren bitartez pribaturen eta publikoaren arteko mugak, eta edertasuna eta maitasuna leku sakon eta ilunetan aurki daitezkeela erakutsi gura du. Lan hori BADen hurrengo edizioan estreinatuko da.

Aukeratutako bigarren proposamena Gorka Pereiraren (Zirkozaurre) “Tiempo” da. “Tiempo”, dantzaren eta zirku garaikidearen bitartez ikusleak bidaian eramango dituen lana da, denbora ulertzeko hainbat modu sortuz; zirku eta dantza elementuen eta diziplinen artean sortuko diren harremanek indarra, dinamismoa, moldakortasuna eta kolorea emango diote lanari. Penduluaren mugimendutik abiatuz, teknologia berrietan oinarritzen da, hainbat patroi ikertuz eta haiekin dantza eginez. Denbora agertokiko beste osagai gisa lantzen du, artistarekin harremana duen, mugitzen den, dantza egiten duen, agertokian patroiak marrazten dituen eta gorputz partituretara eramaten duen beste entitate bat. “Tiempo” udazkenean estreinatuko da, Bilboko Antzerki eta Dantza garaikidearen barruan, baita ere.

Amaitzeko, Eguzki Zubiaren “PERDURABLETercer acto” proiektua, dantza eta antzerki proposamena da, menopausia igaro duten emakumeei buruz dauden aurreiritziak eta ideiak lantzeko, zahartzeak dakarren bazterketa, ikusgai izateari uztea eta horrek dakarren gainbehera pertsonala. Eguzki Zubia, euskal eszenan ibilbide luzea duen artistak ikuspegi erabat desberdina eskaini gura du: positiboa, bizitasunez betea eta esperientziak ematen duen ezagutzaren adierazgarria. “PERDURABLETercer acto”, emakume artista, adineko eta aktibo jarraitu nahi duenaren ikuspegi pertsonaletik abiatzen den proiektua da, emakume askok euren bizitzaren azken partean, hirugarren aktoan, duten sentimendu orokorra erakutsi gura duena. Eguzki Zubiak work in progress aurkezpena egingo du BADen.