BILBO. Datorren hastean hasiko da Bilboko Udalaren ibilgailuen abiadura kontrolatzeko kanpaina. Euskadiko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan kokatzen den kanpaina 26ra arte luzatuko da. Iazko kanpainetan, Udaltzaingoak kontrolatutako 489.686 ibilgailuetatik 442 salatu zituen, hau da, guztien % 4,88.

Bihar astelehena, maiatzak 20, hasi eta 26ra arte (domeka), Bilboko Udaltzaingoak ibilgailuen abiadura kontrolatzeko kanpaina gauzatuko du. Ekimena Euskadiko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta helburua da gidariak bolantearen aurrean duten erantzukizunaz jabetzea, bide-segurtasuna bermatzearren.

Modu horretan, Udaltzaingoak egunero batez beste lau kontrol egingo ditu kanpainaren zazpi egunetan zehar, hirian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.

Kasu batzuetan, unean bertan emango diote arau-hausleari muga gainditzearen berri, kanpaina dibulgatzailea izateagatik eta gidariek erantzukizuna hartzearren; besteetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.

Bestalde, BilbokoUdaltzaingoko Segurtasun eta Laguntza Dibisioak jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aurrez ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

2018AN EGINDAKO KANPAINEN DATUAK

Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko bost kanpaina egin ziren iaz. Udaltzaingoak kontrolatutako 489.686 ibilgailuetatik 442 salatu zituen, hau da, guztien % 4,88. Kanpaina honetan ere kontrolak goizez eta arratsaldez jarriko dira Bilboko zirkulazio-sarean, euren kokapena dela-eta gidarien segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak gerta daitezkeen lekuetan.