BILBO. Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta Bilboko udalak LGTBIfobiaren kontrako kanpaina jarri du martxan. Kanpainaren helburua jendea pertsona guztien gizarte-eskubideen inguruan sentsibilizatzea da.

Aurreko urteetan legez, kanpaina hauen zabalkundea egitearen helburua eta nahia dira Bilbo diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko uri moduan sendotzea hau da, errespetua nagusitzea eta berdintasuna benetakoa, normalizatua eta aurreiritzirik gabea izatea. Udalak sentsibilizazio-kanpainak antolatzen eta babesten ditu urte osoan, berdintasuna, LGTBIQ+ kolektiboa agerian jartzea eta sexu-orientazioa eta genero-adierazpena edozein izanda ere diskriminazioa errotik kentzea sustatzeko.

Bilbo Balioen Hiria da eta hortaz ez ditu onartzen gayen, lesbianen, bisexualen, transexualen eta intersexualen kontrako gorrotoan oinarrituta dauden eta gizarteak baimentzen dituen indarkeria-adierazpenak. Aurrerapauso handiak eman ditugun arren, LGTBIQ+ kolektiboek askotariko diskriminazioa eta indarkeria jasaten dituzte. Egoera larri horren aurrean, Udalak, gainerako erakundeekin, Bilbon lan egiten duten LGTBI erakundeekin eta, orokorrean, herritarrekin batera lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du, Bilbo aniztasunaren uri bihurtzearen aldeko apustuari eusteko.

Egun seinalatu honetan, Bilbok gogora ekarri gura du orain dela 29 urte Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuela. Hain zuzen ere, horrexegatik aukeratu zen Gayen, Lesbianen, Bisexualen, Transexualen eta Intersexualen kontrako Nazioarteko Eguna izateko.

Kanpaina datozen egunetan zabalduko dute euskarri fisikoetan -uriko altzarietan, adibidez- eta euskarri digitalean, www.bilbao.eus webgunean. Udalaren gizarte-sareetan ere bai: Bilbao Berdintasuna ? facebook eta twitter- eta Bilboko Udala ?facebook, instagram eta twitter.