BILBO. Azkuna Zentroko Zinematekak "Irudikatutako hiria" zikloaren estreinaldia jasoko du maiatzaren 15etik uztailaren 4ra arte. Saioak asteazkenetan eta ostegunetan izango dira. Sarrerak -4,5€ / 3,5€ Az txartelarekin- Golem Alhóndigako txarteldegian eta www.golem.es helbidean eros daitezke.

Zortzi film luzek eta bi film dokumental laburrek osatzen dute zikloa; haietan, hiri-mapak aurkituko ditugu, egunerokoak eta ezezagunak, eta laguntza emango digute beste hiri bat eratzeko, norberarena, bizileku izan nahi genukeena edo izan nahi ez genukeena.

Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko zuzendari Fernando Pérezek eta kazetari, idazle eta zikloko komisario Oskar Alegriak aurkeztu zuten atzo programa prentsaurreko batean. Oskar Alegriak 'Las ciudades visibles' izeneko argazkigintzako proiektu artistikoa egin du, Enrique Vila-Matas idazlearen bermea duena. Horrez gain, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistikoa izan da.

Atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, «Monopoly bat izango balitz bezala, ziklo honek filmez osatutako hiriko mapa bat eraikitzen eta proiektatzen du. Egun batean, izkina bat izango da protagonista; beste egun batean, plaza bat; aste batean, film batek hotel baten aipamena egingo digu; hurrengoak espetxe bat aurkeztuko digu; parke bat ere egongo da... Eta, horrela, piezaz pieza, irudiz osatutako hiri baten gakoak batuko dituzte film guztiek, pantailan baizik ezin egin daitekeen eran».

Nabarmendu zuenez, helburua da, dokumental garaikidea erabiliz, hausnarketa filmikoa planteatzea gizakiaren asmakuntzarik handienetako bati buruz: Greziako polisaz. Izan ere, 2050ean mundu osoko hiru biztanletatik bi halako batean biziko dela uste da.

«Eta programan paradoxa eta jokoa erabiliko ditugu, irudikatuko dugun hirian israeldar ile-apaindegi baten ondoan kanadar farmazia bat egongo baita, eta Habana erdian sortutako zuhaitz batetik Parisko hilerri batera joango baikara oinez: Père-Lachaise-ra», adierazi zue Alegriak.

'Irudikatutako hiria. Zinemaren bidez hiri bat eraikitzeko saioa' gaur hasiko da, arratsaldez, Forever filmarekin (2006), Oskar Alegria komisarioak aurkeztuko duen saio batez. «Heddy Honigmann zinemagilearen film honetan, hiriak bere isiltasunik eta, zalantzarik gabe, bere altxorrik handienetako bat gordetzen du: Marcel Proust, Oscar Wilde, Jim Morrison, Maria Callas eta beste batzuen hilobiak? Eta erretratu bisuala ez da hildakoen hitzekin geratzen, jarraitu egiten baitie bizitzan bisitaririk kezkatsuenei.

Datozen asteetan zikloak ibilbide bat egingo du, hainbat emakumezko zuzendariren lana agerian jartzeko: Heddy Honigmann (Holanda), Maya Goded (Mexiko), Myriam Ayçaguer (Frantzia), Roya Eshraghi (Iran), Irene Gutiérrez (Kuba), Iris Zaki (Israel) eta Claire Simon (Frantzia). Sorkuntza garaikideko erreferenteak dira denak, eta haien lanak ez ditugu zirkuitu komertzialean aurkituko.

Programa ixteko, Gianfranco Rossiren Sacro Gra (2013) lana izango dugu ikusgai: «film honek poetikotasun handiz deskribatzen du Erroma hiria barnean hartzen duen ingurabide handia, hor hiri eternoa murruetatik kanpo hasten baita dardarka eta taupadaka. Harekin bilduko dugu gure zikloaren azken mapa».