BILBO. Bilboko Udalak, uriko erakunde sozial eta auzokoen elkarte, unibertsitate, elkarte eta profesionalekin batera, Europako Kontseiluak Kulturarteko Hirien Programako StoryCities proiektuaren barruan egindako bideo bateko protagonista da Bilbo. Bertan laburbildu da Bilbo aniztasunean bizi den elkarbizitzako eta gizarte kohesioko uria izateko gaur egun abian dagoen kulturarteko esku-hartzea.

Europako zenbait hiritako kulturarteko ekimenak eta proiektuak abian jartzeko lanean ari diren pertsonen istorioak biltzen ditu StoryCities proiektuak, aniztasuna gizarte osorako abantaila izan dadin laguntzen duten pertsonen eta elkarteen garrantzia azpimarratzeko eta ikusarazteko.

Ekimen hau abian jartzeko, Europako Kontseiluak aukeraketa bat egin zuen Kulturarteko Hirien Programa osatzen duen sarean barruan. Hain zuzen ere, Europako 135 hiri daude, besteak beste Bilbo, Geneva (Suitza), Erlangen (Alemania), Stavanger (Norvegia), Cascais (Portugal) eta Reggio Emilia (Italia).

2011z geroztik, Bilbo Kulturarteko Hirien Programaren barruan dago. Ekimen europar horren helburua da kulturarteko gestioaren eredua tokiko eremuan sustatzea, kulturarteko programak dauzkaten Europako hirien artean ezagutzak eta esperientziak partekatzeko. Horretarako, tresna espezifikoak erabiltzen dira, esaterako ‘Kulturarteko hirira, urratsez urrats’ edo Kulturarteko Hirien Aurkibidea.

BAZTERKERIARI ETA DISKURTSO ARRAZISTEI AURRE EGITEA

Oraintsu, Bilbo ‘Rumourless Cities’ edo Zurrumurrurik gabeko Hirien proiektuko topaketa bat egiteko aukeratu dute, Europako Batzordeak URBACT III programaren barruan finantzatuta. Topaketaren helburua da Europa osoan desafio berriei aurre egitea bazterkeriari eta diskurtso arrazistei aurre egiteko, eta tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa gauzatzea.

Horrela, bada, apirilaren 2an, 3an eta 4an, Deustuko Unibertsitatean, zurrumurruen aurkako proiektuaren hasieratik Bilboko Udalaren laguntzaile izan baita, egin ziren laneko jardunaldiak. Bertan, langile teknikoek eta espezializatuek udalaren gaur egungo estrategiaren berri eman zuten, Herritarren eta Aniztasunaren II Udal Planaren barruan dagoena. Topaketa amaitzeko, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak ikustera abiatu ziren parte-hartzaileak, Auzokizuna 2020 Planaren kariaz.

‘Rumorless Cities’ sare bat da ??Amadora hiriak lideratua (Amadora, Portugal), eta Bilbo ez ezik, Cardiff (Gales), Hanburgo-Altona (Alemania), Varsovia (Polonia), Alba Iulia (Errumania), Ioánina (Grezia) ere sare horretan daude??, xedetzat duena, hain zuzen, jakitea nola abiarazten diren zurrumurruen kontrako tokiko estrategiak eta aurre egitea migratzaileen eta iheslarien kontrako jarrera negatiboei.

Bilboko Udalak 2013tik garatzen du zurrumurruen aurkako proiektua atzerritarren inguruko estereotipo negatiboei aurre egiteko, zenbait baliorekin lan egingo duten pertsonen eta erakundeen sarea sortzeko eta sendotzeko: kulturartekotasuna, gizartearen kohesioa eta bazterkeriaren aurkako borroka. Gaur egun, zurrumurruen aurkako estrategia garatzeko lanean 200 eragile ari dira, uriko lau barrutitan banatuta.