BILBO. Gobernu Batzordeak gaur onetsi du Bilboko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana, 2018 ? 2022 eperako. Hau da bosgarren plana, 1999an hasiz geroztik. Urte hauetan guztietan, ahalegin berezia egin da Bilboko Udalean lan egiten duten langileen hizkuntza-gaitasuna handitzeko. Bihartik aurrera, indarrean jarriko da Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plana, 2018 ? 2022 eperako.

Plan horren helburu bat da euskara gehiago erabiltzea jarduera publikoan, funtzionarioen artean euskara sustatzea eta zerbitzua ele bietan ematea. Gaur egun, Udaleko plantillaren erdiak baino gehiagok dauka lanpostuak eskatzen duen euskararen ezagutza-maila (hizkuntza-eskakizuna), nahiz eta inertziaz gaztelania erabiltzen den. Hori dela-eta, plan honen bidez, lortu nahi da Udaleko langileek parte hartze handiagoa eta konpromiso handiagoa izatea euskara arlo guztietan erabiltzeko.

Hizkuntza-normalizazioaren eremuko araudiak zedarritzen du euskararen normalizazio eta erabilera sustatzeko esparrua, herritarren eskubideak eta Administrazioak herritarren aldera dituen betebeharrak arautuz. Hori dela eta, Administrazio Publikoari dagokionez, bi jarduera-ardatz ezartzen dira: batetik, euskara herritarren alderako zerbitzu-hizkuntza den aldetik, eta, bestetik, euskara lanerako hizkuntza den aldetik Administrazio Publiko bakoitzaren barruan eta halaber erakundeen arteko idatzizko eta ahozko harremanetarako.

Planaren helburua da bi hizkuntza ofizialen alderako berdintasunerantz jotzea; hau da, berdintasun formaletik berdintasun errealerantz jotzea. Bilboko Udalaren helburu nagusia da euskararen erabilera areagotzen jarraitzea, bai herritarrei ematen zaien zerbitzuan, bai erakundearen barruko eginkizunak kudeatu eta garatzeko orduan, betiere herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuz Administrazioarekiko harreman guztietan.

Hizkuntza-eskubideak herritarrenak dira, eta Administrazioaren betebeharra da eskubide horien erabilera bermatzea. Hori horrela izanik, Udalak baditu betebehar batzuk herritarren aldera, eta enplegatu publikoek betearazi behar dituzte betebehar horiek. Beraz, Udaleko langileek, herritarrekiko harremanetan, haiek hautatutako hizkuntza baliatu behar dute; eta, Administrazio barruan edo beste administrazio batzuekiko harremanetan, Udalak hautatutako hizkuntzan; bai ahozko harremanetan, bai idatzizkoetan.

Azken batean, euskarak zerbitzu-hizkuntza izan behar du herritarrekiko harremanetan, eta lanerako hizkuntza administrazioekiko harremanetan eta Udalaren beraren barruko jardueretan.

Hizkuntza-normalizazioaren bidez, lortu nahi da Administrazioek erabat bermatzea pertsonen hizkuntza-eskubideak, Administrazioan lan egiten duten pertsonak elebidunak izatea, eta euskaraz ere lan egin dezatela.

Udalean euskararen erabilera normalizatzeko, beharrezkoa da alde guztiek egitea ekarpenak. Herritar euskaldunek jakin behar dute Administrazioa gauza dela zerbitzuak euskaraz emateko; erakundeetako ordezkariek konpromiso zintzoa eduki behar dute euskara normalizatzeko eta hala agertu behar dute jendaurrean; eta langileek, bestalde, erakundeak horri buruz ezarritako lan-dinamikaren arabera jokatu behar dute.

Horregatik guztiagatik, 2018-2022 plangintza-epe honetan, Bilboko Udalak Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak onetsiko ditu. Irizpide horiek arau izango dira Udal osoan, eta beharrezkoa izango da irizpide horiek bete eta betearaztea. Sail eta zuzendaritza guztien erantzukizuna izango da ziurtatzea irizpide horiek kasu guzti-guzietan betetzen direla.

Benetako orduan, ordea, gaztelania da oraindik lanerako hizkuntza nagusia administrazioetan. Egoera horretatik abiatuta, eta euskara Udalean lanerako ohiko hizkuntza izan dadin lortzearren, plangintza-epe honetako erronka nagusietakoa da, hain zuzen, eraginkortasunez kudeatzea hizkuntza ofizialen erabilera.