BILBO. Bilboko udalak Ornitologiaren hastapenei buruzko lantegiak antolatu ditu Bilbon hiriko hegaztiak ezagutzeko. Lehenengoa apirilaren 6an eta 7an izango da eta bigarrena apirilaren 13an eta 14an.

Lantegi horietako lehenak "Txinboa" du izena, eta bihar hasiko da, apirilaren 6an, zapatuan, goizeko 11:30ean: hitzaldi teoriko bat izango da La Bolsa-Ibaiondo auzo-etxean. Egun horretan bertan, lantegi ipuin bat izango da, "Kamishibairen hegaldia" izenekoa, 5 eta 12 urteko umeentzat. Hurrengo egunean, apirilaren 7an, domekan, ikastaroan parte hartzen ari direnak Artxandara igoko dira eguerdian, ornitologia-kit batekin, eta, haren bidez, inguru hartako hegaztiak ezagutzeko aukera izango dute.

"Txinbo" berba ohikoa da Bilbotarren berbaeran, eta hegazti zomorro-jale eta txiolari zenbait izendatzeko erabiltzen da, zeintzuei antzina jaki gozo-gozo irizten baitzitzaien. Gaur den egunean, legediak babestutako espezie bat dira. Bilboko herri-iruditerian duten lekuagatik, "txinboak" ikur bihurtu dira, hiri-biodibertsitatea kontserbatzeko jarduerei bultzada emateko.

Bigarren tailerra, "Ornitologiaren hastapenak eta SACIN/SACRE programetako hegaztien behaketa", datorren astebururako dago programatuta, alegia, apirilaren 13rako eta 14rako, eta hegaztiak nahiz neguan (SACIN) nahiz udaberrian (SACRE) behatzeko metodologiaren sarrera moduko bat da. Lehenengo eguneko sarreraren ostean, bigarren egunean ibilaldi bat egingo da Artxanda inguruetan, ekosistema ezin hobea baitute hura hegaztiek, beren migrazioetan babes hartzeko, elikatzeko, ugaltzeko edo atseden hartzeko.

Lantegiak irekiak dira jendearentzako, aldez aurretik izena emanda: izan ere, lantegi bakoitzeko 25 pertsonak bakarrik parte har dezakete. Lantegiak gaztelaniaz izango dira.