BILBO. Bilboko udaltzaingoak antolatutako herri-lasterketan izena emateko epea ostiralean amaitzen da. Lasterketa apirilaren 14an izango da, igandean, 11:00etan. Ibilbidea zirkularra da, 5,2 kilometro ingurukoa.

Une honetara arte, 450 pertsonak eman dute izena, baina herritar guztiei egiten zaie gonbita kirol-jai honetan parte har dezaten, heldu nahiz ume.

Lasterketa Uribitarten hasiko da, Udaletxearen aurrean. Uribitarte pasealekuan barrena, Guggenheim Museoko parketik Euskalduna Jauregirantz joko du. Euskalduna zubian ibaia zeharkatuta, beste aldetik itzulerako bidea egingo du: Unibertsitateen etorbidetik eta Campo Volantin pasealekutik igarota, lasterketa hasi den lekuan amaituko da.

Ibilbideak 5.2 kilometro dauzka, eta irisgarria da, eta, beraz, dibertsitate funtzionala duten familiek nahiz pertsonek egiteko modukoa.

Lasterketan parte hartzeko, izena eman behar da Udalaren webgunean. Parte hartzea doan da, eta apirilaren 4ra arte (barikua) dago epea. Pertsona bakoitzak behin eman ahal izango du izena (adingabeek ere eman beharko dute, tutorearen bidez).

Lasterketa-egunean, lasterketa hasi aurretik, parte hartzaile bakoitzari elastiko bana emango zaio, berak izena ematean esandako neurrikoa, eta lasterkari-zenbaki bana ere bai. Lasterketa-egunean bertan ere eman ahal izango da izena, baina ezin da segurtatu neurriko elastikorik izango denik.Herri-lasterketa amaitutakoan, anoa bana emango zaio parte hartzaile bakoitzari.

Bilboko Udalak eta Udaltzaingoak herritar guztiak, helduak zein umeak, gonbidatu nahi dituzte kirol jai honetara, hain zuzen ere Udaltzaingoa sortu zeneko 175. urteurrena bilbotar guztiekin ospatzeko. Urteurren honen bidez, gogoratu nahi da nola hazi den herritarren zerbitzurako kidego hau, 1844an sortua 12 udaltzainekin, eta gaur den egunean 800 udaltzain baino gehiago dituena, beti Bilboko pertsonak eta ondasunak babestuz.