BILBAO. Bilbao Bizkaiak workshopa egingo du Tokion bihar, martxoaren 20an, Japonia herrialdearekin dauden merkataritza-harremanak sendotzeko. Lan-topaketan, hiriburuko eta lurraldeko 8 enpresa egongo dira.

Bilbao Bizkaiaren turismo-posizionamendurako planean adierazitako merkatu igorleetako bat da, aukera paregabea, eta herrialde baliotsuenetako bat; izan ere, hazkunde-aukera ugari ditu, eta bisitariaren tipologia zein batez beste egiten duten gastua oso-oso interesgarriak dira. Azken urtean bakarrik, 9.592 pertsonara igo da Asiako herrialdetik Bilbora datozen bisitarien kopurua, eta 17.101 ostatu-gau lortu dira. Kopuru horiei esker, azken hiru urteetan, sarrerak % 47 hazi dira, eta ostatu-gauak % 51.

Japoniako turismoko enpresekin eta eragileekin antolatuko den lan-topaketan, hiriburuko eta lurraldeko zortzi enpresa egongo dira, ostatuen, turismo hartzailearen eta turismo-zerbitzuen sektoreetakoak denak. Eneko Atxa sukaldari ospetsuaren Eneko Tokyo jatetxean egingo da bilera. Egoitza bat dator turismoari buruzko ekintza planeko turismo-produktuen komunikazio-ardatzekin, besteak beste, turismo gastronomikoarekin.

Japoniako turismo-enpresa eta -eragileei workshop horretarako deialdia egiteko, Tokion dagoen Espainiako Turismo Bulegoaren lankidetza izan dugu, bai eta Turkish Airlines konpainiak Japonian duen merkataritza-ordezkaritzarena ere. Airelinea konektagarritasunerako kolaboratzailea izango da, Bilbao Bizkaia markak eta Turkiako aire-konpainiak urtarrilean sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker. Lankidetzaren xede nagusia da konpainiak Bilbo-Istanbul-Bilbo ibilbidean dituen ohiko hegaldiek sortzen dituzten aukera aprobetxatzea; izan ere, konexio zuzenak dituzte Turkiako hiriburutik Asiako gainerako merkatuetara, batik bat, Japoniara.

Horrez gain, japoniarrentzako Bilboko lehenengo gida aurkeztuko dute: Bilbao Essential. Gida bisitari japoniarrentzat pentsatu da, eta aintzat hartzen ditu Japoniako turisten premiak, interesak erabilerak eta bidaiatzeko moduak. Bilbao Essential gidaren 8.000 ale doan banatuko dira Tokio, Osaka eta Nigata hirietako liburu-denda berezituetan, informazio-puntuetan eta jatetxeetan.