BILBO. Juan Mari Aburtok, Bilboko alkatea, Bilboko Urrezko Domina eman dio Bizkaiko Erizainen Elkargoari. Dominak gizartearen mesedetan egindako ehun urtetik gorako ibilbide profesionala aitortzen du.

Jendaurreko agerraldian, Juan Mari Aburtok nabarmendu du zeinen axola handikoa den erizainen lana: "egunero-egunero beren lanari irribarrea, besteen konprenitzea eta adeitasuna erantsiz anbulatorio nahiz ospitaleetan, dela adinduentzako, desgaitasunen bat dutenentzako edo mendekotasunean bizi direnentzako etxez etxeko arretan, dela arreta intentsiboetako unitateetan edo bizitzako azken faseetako zainketa aringarrietan".

Gogoratu du, orobat, nola diren kopuruz emakume gehiago erizaintzan gizonezkoak baino, eta, ondoren, "gizartearen aldeko bokazio- eta entrega-eredutzat" jo ditu, eskerrak emanez Bizkaiko Erizainen Elkargoari "emakumeak agerira ekartzeagatik mundu osoan eskatzen diren profesional bikainen moduan eta haien egoera normalizatzeagatik".

Era berean, alkateak gogorarazi du hirugarren aldia dela agintaldi honetan Udalak Hiriaren Urrezko Domina ematen duena. "Duela bi urte, Bizkaiko Medikuen Elkargoari sari hau emateko ohorea izan genuen, eta, iaz, Euskaltzaindiari; biak ere ehunka urteko erakundeak, gure hirian tinko errotuak, eta halaxe sartu ziren Hiriaren Urrezko Dominaren bereizgarria jaso duten pertsona ospetsuen eta entitateen zerrenda luzean, hala nola Deustuko Unibertsitatea, Erruki Etxea, Basurtuko Ospitalea, Arte Ederren Museoa, Bilboko Goi-mailako Ingeniaritza Eskola Teknikoa, Bilboko Cocherito Kluba, Athletic Kluba, Bilboko Merkataritza Eskola eta Bilboko Merkataritza Ganbera”.

Maria Jose Garcia Etxanizek, Bizkaiko Erizainen Elkargoaren izenean, berretsi egin du entitateak "herritarren osasunarekin, legearekin eta arau deontologikoekin duen konpromisoa; duela ehun urte baino gehiago hartu zuen bere gain konpromiso hori, eta espero dugu tinko eustea eta atsedenik gabe hobetzea, egunez egun, geroan ere".

Halaber, iragarri du ezen "doako prestakuntza eta sustapen-ikastaroak eskainiko dituztela herritar ororentzat, osasun-intereseko hainbat gairen gainean, plataforma teknologiko berritzaile" baten bitartez. Ekimen hori "osasunarekiko konpromisoari" zor zaio, zeina Bizkaiko Erizainen Elkargoak duela ehun urte baino gehiago hartu baitzuen bere gain.

BIZKAIKO ERIZAINEN ELKARGOA

Bizkaiko Erizainen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, berezko nortasun juridikoa duena, eta lurralde historikoko 8.500 elkargo-kide baino gehiago ordezkatzen ditu. Euskadiko lanbide-elkargorik handiena da, eta kideen arteko % 85 baino gehiago emakumeak ditu.

Bizkaiko Erizanen Elkargoaren lehenengo aipamen dokumentala 1904koa da, praktikanteen eta erizainen karrerak arautu ziren urte berekoa. Izan ere, erizaintza praktikanteen, emagineen eta erizanen lanbideen arteko batura besterik ez da, horiexek izan baitziren, medikuekin, zirujauekin eta osasun arloko beste profesional batzuekin batera, mendez mende gaixoak artatu eta zaintzeaz arduratu zirenak.

1978an eratu zen Bizkaiko Osasun Laguntzaile Teknikoen Elkargoa (OLT), egungo Bizkaiko Erizainen Elkargoaren aurrekaria, hain zuzen; izan ere, 2005ean hartu zuen oraingo izena, estatutu berriak onetsita.

Egoitza Bilboko Rodriguez Arias kalean duela, Bizkaiko Erizainen Elkargoak profesionalen aldeko sustapen eta aitorpenezko jarduerak antolatzen ditu urterik urte, hala nola Vicenta Lopez Echevarria ikerketa-sariak, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna (maiatzaren 12a), edo 20 urte baino gehiagoan elkargoko kide izan eta erretiratu diren profesionalei elkargoaren bereizgarria ematea, besteak beste.

Elkargoa arduratzen da, orobat, elkargo kideen jarduera profesionala arautzeaz, etika eta duintasun profesionala zainduz eta erien eskubideak begiratzen direla ziurtatuz. Orobat elkargoko kideen interesen ordezkaritza eta defentsa egiteaz arduratzen da, eta elkarlanean jarduten du hainbat administraziorekin lanbideari dagozkion gaietan, arreta berezia jarriz intrusismoari.