BILBO. Bizkaiko Erizanen Elkargoak urrezko domina jasoko du udalaren eskutik otsailaren 15ean. Erakundeak Bilboko gizartearen mesedetarako ehun urte baino gehiago darama lanean.

Bilboko Udalaren aintzespenik gorena emateko ekitaldiaren aurretik, berariazko Ezohiko Udalbatzarra egingo da, Hiriko Urrezko Domina Bizkaiko Erizainen Elkargoari emateko erabakia ontzat hartzeko.

Bilboko Udalak hogei bat Urrezko Domina banatu ditu azken lau hamarkadetan, zenbait erakundek eta pertsonak Bilboko gizartearen alde egindako lanaren aitorpenez. Deustuko Unibertsitatea, Erruki Etxea, Basurtuko Ospitalea, Arte Ederren Museoa, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, Bilboko Cocherito Kluba, Bilboko Athletic Club, Merkataritza Eskola, Bilboko Merkataritza Ganbera, Bizkaiko Medikuen Elkargoa eta Euskaltzaindia dira Hiriko Urrezko Domina jaso duten erakundeetako batzuk.

Bizkaiko Erizanen Elkargoaren lehenengo aipamen dokumentala 1904koa da, praktikanteen eta erizainen karrerak arautu ziren urte berekoa. Izan ere, erizaintza praktikanteen, emagineen eta erizanen lanbideen arteko batura besterik ez da, horiexek izan baitziren, medikuekin, zirujauekin eta osasun arloko beste profesional batzuekin batera, mendez mende gaixoak artatu eta zaintzeaz arduratu zirenak.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak Hiriko Urrezko Domina Bizkaiko Erizainen Elkargoari ematea proposatu du, “ehun urte hauetan herritarren osasun zaintzaren alde egindako apustu irmoagatik, nahiz eta hasieran aitormena lortzeko Erizaintzak ofizio bezala zailtasun asko izan, eta hortik aurrera, herritarren mesedeko zerbitzu-bokazio ukaezinaren ondorioz, gizartearen aitorpen orokorra lortzeagatik”.