Rockein lehiaketaren X. edizioan parte hartzeko epea ireki dute

Zabalik egongo da uztailaren 12era arte eta finala azaroaren 19an izango da Basauriko Social Antzokian

12.05.2022 | 01:09
Epea uztailaren 12ra arte egongo da zabalik.

Rockein lehiaketaren X. edizioan izena emateko epea ireki dute, Euskadi eta Nafarroako talde eta bakarlari berriak bilatzeko. Zabalik egongo da uztailaren 12era arte eta finala azaroaren 19an izango da Basauriko Social Antzokian. Hamargarren urtez jarraian Basauriko Udalak Rockein musika-lehiaketa deitu du, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lehiaketa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlariei eta taldeei zuzendua dago. Jasotako proposamen guztien artetik sei finalista aukeratuko ditu sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak; eta azaroaren 19an Basauriko Social Antzokian ospatuko den finalean joko dute zuzenean. Gau horretan bertan erabaki eta emango du ezagutzera epaimahaiak zein diren 2021eko talde irabazleak. Sarien artean daude EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa (bost abesti), bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera. 2021an Rockeinek bere parte-hartze errekorra gainditu zuen seigarren urtez jarraian, 179 parte-har-tzailerekin, eta 2021ko azaroaren 20an Social Antzokian ospaturiko finalerako 346 gonbidapenak agortu egin ziren, finala itxiera perimetrala indarrean zen garaian ospatu arren. Aipatzekoa da lehiaketak bikoiztu egin duela parte-hartzea 2013ko lehen ediziotik. Full Cab taldeak (aurreko edizioko talde irabazleak) atzoko prentsaurrekoan aurkeztu zituen sariaren ondorioz ekoitzitako lanak, bost abestiz osatutako EPa eta HFA abestiaren bideoklipa, Rockeinen sare sozial ofizialetan ikusgai dagoena.

Duela 10 urte Rockeinek bere ibilbidea hasi zuenean, Basaurin sortutako musika-talentua detektatu eta sustatzeko antolatutako aurreko lehiaketetan lekukoa hartu zuen. Aurreko esperientziei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehituz egin zuen, artistei sektore profesionalerako jauzia esploratzen hasteko. Hamar urte geroago, "Rockein finkatutako proiektua da", esan zuten atzo aurkezpenean. Gaur egun, "Rockein Euskal Herriko lehiaketarik ospetsuenetako bat da. Baina garrantzitsuena da jasotako proposamenen kalitatea urtez urte hazten ari dela eta sortzen ari diren artistak gero eta prestatuago iristen direla", aipatu zuen Asier Iragorri Basauriko alkateak.

noticias de deia