Basauriko udal udalekuetan izena emateko epea zabalik egongo da maiatzaren 2tik 12ra bitartean. Udalatik aipatu duten bezala, aurten ez da zozketarik egongo eta eskaera guztiak onartuko dira. Gainera, umeek txanda bietan eman ahalko dute izena. 2010-2018 urteen artean (biak barne) jaiotako haurrentzat izango dira udalekuak, hain zuzen ere, izena emateko epea hasten denean Basaurin erroldatuta daudenentzat. "Onartu egingo da, era berean, gurasoak banatuta edota dibortziatuta egon, eta, haurrak udalerrian erroldatuta egon ez arren, gurasoetako bat bertan erroldatuta duten haurren izen-ematea".

Udalekuak bi txandatan banatuko dira: uztailaren 5etik 15era, eta uztailaren 18tik 29 ra. Eta hiru modalitate egongo dira: egun osoko udalekuak (astelehenetik ostiralera 09:00-17:00, bazkaria barne); egun erdiko udalekuak (astelehenetik ostiralera, 09:30-13:30, bazkaririk gabe); eta kirol-udalekuak (astelehenetik ostiralera, 09:00-17:00, bazkaria barne).

Izena eman ahalko da Basauriko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.basauri.eus), horretarako prestatutako lineako inprimakia beteta eta bidalita. "Salbuespenez, izen-ematea modu horretan egiteko baliabide elektronikoak ez dituztenek, HAZen bulegoan egin dezakete; udaletxeko beheko solairuko buleoan, 09:00etatik 19:30era bitartean; eta Pagasarri kaleko HAZera, 09:00etatik 14:00etara bitartean". Horretarako aurretiazko hitzordua hartu beharko dute, 944666300 zenbakian edo udaletxeko beheko solairuko HAZen bulegoko txartel-makinan.

Ezarritako epearen barruan egindako eta parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten inskripzio guztiak onartuko dira. Onartutakoen zerrenda udal webgunean argitaratuko da, eta Basauriko eta San Migeleko HAZen bulegoetan ere jarriko da, 2022ko maiatzaren 20an.