Basauriko Udalak aurreikusten du azaroan jarriko direla martxan berriro adinekoentzako zahartze aktibo tailerrak. Espero dute data horretan hasi ahal izatea, "baina azken erabakia egoera epidemiologikoaren eta indarreko osasun-murrizketen mende egongo da (bai berriro hasi ala ez, bai tailerrak zein baldintzatan egin)", azaldu zuten udal arduradunek.

Azaroan hasi ahal izateko, programa garatuko duen aholkularitza teknikoa kontratatzeko lizitazio-prozesua abiarazi zuen uztailean. Maria Larrinaga Gizarte Politikako zinegotziak azaldu zuenez, Gobernu Taldearen asmoa da "ikastaroak azaroan berrartu ahal izatea, baina, azken erabakia, egoera epidemiologikoaren eta osasun-murrizketen mende egongo da; bai ikastaroei berrekin ahal izatea, baita berriro martxan hasteko ezarri beharreko baldintzak ere".

Beraz, kontuan hartu beharko dituzte hasteko datan indarrean egongo den osasun-araudia, eta beti ere, horren arabera garatuko dira adinekoentzako tailerrak. Aurreko edizioetan bezala, tailerrak udalerriko erretirodun eta pentsiodunentzat izango dira. "Programaren xedea da norbanakoen egoera funtzional orokorra hobetzeko zenbait jarduera garatzea, adinekoek beren autonomia manten dezaten eguneroko bizimoduko jarduna aurrera eramateko eta narriadura fisiko eta mentala prebenitzeko".

Horrez gain, ikastaroak topagune izango dira, eta adinekoen arteko harremanak sortzea ahalbidetuko dute. Azaldutakoaren arabera, guztira, 48 tailer eskainiko dira jubilatuen udal etxeetan eta beste lokal batzuetan, honako alor hauetan: yoga, gorputz-adierazpena, gimnasia, erlaxazioa, marrazketa eta pintura, dekorazio-arteak eta zur-lanketa.

Egoeraren arabera

  1. Asmoa. Gobernu Taldearen asmoa da "ikastaroak azaroan berrartu ahal izatea, baina, azken erabakia, egoera epidemiologikoaren eta osasun-murrizketen mende egongo da; bai ikastaroei berrekin ahal izatea, baita berriro martxan hasteko ezarri beharreko baldintzak ere".
  2. Tailerrak. 48 tailer eskainiko dira jubilatuen udal etxeetan eta beste lokal batzuetan, honako alor hauetan: yoga, gorputz-adierazpena, gimnasia, erlaxazioa, marrazketa eta pintura, dekorazio-arteak eta zur-lanketa.