- Euskaraz erosi, euskaraz bizi kanpaina abiarazi du Basauriko Udalak, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. "Euskarak gure udalerrian duen presentzia eta erabilera handitzeko zenbait ekimen egiten ari gara, eta, hau ere, ildo horretan doa. Helburua da herritarrei ikusaraztea gure herrian, eta euskaraz, erostea onuragarria dela gu guztiontzat", adierazi du Marieli Arroyo Basauriko Udaleko Euskarako zinegotziak, eta gonbidapena egin die merkatariei, ostalariei eta herritarrei, udalerrian euskaraz saldu eta erosi dezaten.

Udalak, kanpainaren xehetasunak Basauriko Merkatari Elkartearekin partekatu ostean, zenbait baliabide eta laguntza eskainiko dizkie merkatari eta ostalariei. "Zerbitzu eta dirulaguntza batzuk martxan daude, duela urte batzuk, eta harrera ona izan dute. Orain, baliabide gehiago eskainiko dira: kartelak maketatzeko zerbitzu berria abiaraziko du Udalak, eta merkatari eta ostalarientzako ikastaro bereziak, herriko euskaltegiekin lankidetzan". Ikastaro horiek erabat praktikoak izango dira: "euskararen erabilera, ulermena eta euskarazko harremanak landuko dituzte". Irailetik aurrera, 20 eta 60 orduko ikastaroak antolatuko dituzte Basauriko euskaltegietan.

Udalak eskainiko dituen zerbitzu guztiak katalogo eta webgune batean jaso dira (euskarazbizi.basauri.eus), informazio eta eskaintza osoa toki bakar batean bilduta egon dadin eta errazagoa izan dadin horiek erabiltzea. "Merkatari eta ostalariek bertan aurkituko dute informazio osoa dirulaguntzei buruz eta itzulpen, zuzenketa eta hizkuntza-aholkularitzari buruz; programarekin bat egin ahalko dute, eta behar duten materiala eta laguntza eskatu; proposamenak egin ahalko dituzte... Beren sektoreetan euskararen erabileran aurrera egiteko baliabideak eskuratu ahalko dituzte", gaineratu du Marieli Arroyok. Webgunea eguneratuz joango dira eduki eta zerbitzu berriekin.