Basaurik herriko haur parkerik handiena eraikiko du Bizkotxalden. Udalak adjudikatu egin ditu “hareazko parke” berria eraikitzeko lanak. 515 m² izango ditu eta tirolina bat edo jolas inklusiboak, instalatuko diren joko-elementuen artean. Lanak hilabete barru hasiko dira, gutxi gorabehera, eta sei hilabetetan amaitu. Aipatzekoa da, 285 ume egon ahalko direla jolasten aldi berean. 560.998 euroko inbertsioa egingo du Udalak. “Esku-hartze horrek ingurua modu integralean birgaitu, eta haur-jolasen eremua birrantolatuko du”, besteak beste, 515 m²-ko gune estalia, tirolina eta jolas inklusibo eta berritzaileekin.“Aurrera eraman ditugun parte-hartze prozesu guztietan, aisiarako eta haurrentzako guneak izan dira basauriarrek sarrien egindako eskaeretako bat. Zentzu horretan, obra honek, eta beste parke batzuetan egiten ari garen beste hobekuntza batzuek, herritarren aldarrikapenei erantzuten diete”, azaldu zuen atzo Asier Iragorrik, Basauriko alkateak, eta gogorarazi zuen estalitako gune gehiago edukitzea ere hobekuntza bat dela, “herritarrek izugarri baloratzen dutena”. Eraikiko duten aisiarako eremua izango da jolas-eremu berritzaile, irisgarri eta integratzailea, “non elkarren osagarri izango diren gune bereizi bi egongo diren: batetik, estali gabeko zati bat, 250 bat m²-koa, kautxuzko lurrarekin, eta, ondoan, belar natural eta artifizialezko esparru bat”. Bestetik, zati estali bat, 515 m² ingurukoa, kautxuzko lurrarekin.

“Gune bietako jolas-elementuei esker, 285 ume egon ahalko dira jolasten aldi berean”, nabarmendu zuen Iragorrik. Tirolina izango da estali gabeko gunearen nobedadeetako bat. Horrekin batera, etxetxo bat jarriko dute (lurrean, gurpil aulkiarekin ere sartu ahal izateko), eta, bertan, rol-jolasak sustatuko dira, eta jolas-panel hezigarri bat eta arbelak egongo dira. “Gune integratzaile bat eratuko da, gaitasun desberdinak dituzten haurrak elkarrekin jolastu ahal izateko”. Estalitako gunean, balio ludiko handiko jolas sorta zabala egongo da, “aukera integratzaile eta irisgarriekin. Neurrira egindako bost elementu eta bi jolas-multzo egongo dira bertan”.

Lehen jolas-multzoa txikienentzat izango da: aukera izango dute gora egiteko, katuka ibiltzeko, irristatzeko... Bigarren jolas multzoan, berriz, “estalduraren sabaitik esekitako sokak egongo dira. Haurrek aukera izango dute soka horietan gora egiteko, esertzeko, leunki kulunkatzeko...”. Kautxuzko lurra egongo da multzo osoan, araudiak ezarritako indargetze- eta segurtasun-neurriak betetzeko. Bestalde, jolasak oso koloretsuak izango dira, eta parkeari uniformetasuna emango diote.

Jolasak. Estali gabeko kautxuzko lurdun eremuan oreka-jolasak eta gora egitekoak egongo dira, batez ere. Horiez gain, jolas lasaiak eta aulki birakari irisgarri bat egongo dira; eta, mugimendua sustatzeko, txirrista bat.

Beste elementu batzuk. Gora egiteko elementu nagusia izango da dorre hexagonal bat. Soken bidezko oreka-pasabideak, plataformak, zubiak, sare horizontalak... egongo dira.

Robinia. Jolas-elementu naturaletan erabiliko duten robinia egurrak ez du izango tratamendu kontserbagarririk eta “zenbait hamarkadaz egin ahal die aurre baldintza meteorologikoei, intsektuei eta onddoei”. Egur naturala erabiliko dutenez, eta kolore-zertzeladak, “jolasa natura-eremuarekin mimetizatuko da”.