Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hasi ditu urtearen hasieran lur-jausiak jasan zituen Etxebarriko magala sendotzeko lanak. Lur-jausi horien ondorioz, San Antonio auzoari ura hornitzen dion hodi bat hautsi zen. Ordutik, erakundeko eta Etxebarriko Udaleko arduradunak modu koordinatuan aritu dira lanean, “ursarea zaindu eta herritarrentzako hornidura bermatuko duen behin betiko irtenbide bat bilatzeko”, azaldu dute Ur Partzuergotik eta Etxebarriko Udaletik.

Lanek 75.000 euroko aurrekontua dute eta sei asteko egikaritze-epea. Urtearen hasieran, urtarrilaren 28an eta otsailaren 12an, bi lerradura gertatu ziren Kukullagako magalean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren edateko uren hodi batzuen inguruan, zehazki, Euskal Herria eta Santa Marina kaleen eta Bilbotik Galdakaora doan errepidearen (N-634) parean, Etxebarriko udalerrian. “Lur-jausi horien ondorioz hainbat hodik kalteak jasan zituzten, eta, ondorioz, San Antonio auzoan hornidura-arazoak egon ziren”.

Aukera desberdinak aztertu ondoren, “mikropilotezko bi pantaila paralelo jartzea hodien bi aldeetan, pantaila horiek eta hodiak bat egindako lauza armatu baten bidez elkartuz arestian adierazitako elementu horiekin guztiekin” egitea planteatu da.

Irtenbide horren helburua da “hodiak dauden eremua sendotzeko eta lurrei eusteko sistema bat ezartzea, bai eta Etxebarriko San Antonio auzoan edateko hornidura bermatzea ere”, azaldu dute. Obrak egikaritzen diren bitartean ezpondaren egonkortasuna bermatzea aldera, “lerraduraren eremuko tartean, bihurdura arrunteko sare baten bidez, euste-sistema bat egikaritzea aurreikusi da, mikropilotezko pantailaren aurretik jarriko dena”.

Obrak joan den astean hasi ziren eta, aurreikuspenen arabera, uztailean amaituko dira, ezbeharren bat ez badago. Lan horiek egon diren arazoak konponduko dituzte.