- Basauriko Udalak esleitu egin du Lapatzan hiri-hondakinen transferentzia-gune bat eraikitzeko obra. Horrela beste urrats bat eman du Udalak, hiri-hondakinak gaika biltzeko sistema hobetzeko bidean. Udal arduradunek azaldutakoaren arabera, “azpiegitura berriak aukera emango du atez ateko bilketa egiteko eraikin publikoetan, industrialdeetan, jarduera ekonomikoetan edo hainbat ekitalditan, eta hondakin-bolumen handiagoa bilduko da horrela jarduera produktibo horietan”. Gainera, arraindegietako hondakinak ere bilduko dira, gune berrira eraman eta ondoren balorizatzeko.

“Transferentzia-guneak balioko du aldi baterako biltegiratzeko, tratamendu-gunera edo kudeatzaile baimenduaren instalazioetara bidali arte, industrialdeetan, jarduera ekonomikoetan, eraikin publikoetan, ekitaldietan… atez ate bildutako hondakinak”, azaldu dute.

Modu honetan birziklapena sustatuko da industrialdeetan hondakin asko sortzen duten enpresen artean, “bilketa atez ate egingo delako eta enpresek ez dituztelako hondakinak edukiontzietan utzi beharko”. Ondorioz, hondakin-bolumen handiagoa bilduko da jarduera produktibo horietan.

Atez ate bilduko dira ere udalerriko arrandegietako hondakinak, eta azpiegitura berrira eramango dira, “ondoren balorizatuak izateko (irin, arrain olio… bihurtzeko tratamendua)”.

Obra 151.026 eurorengatik esleitu da, eta, behin lanak hasita, bi hilabeteko epean amaitu beharko dira gehien jota. Obraren ardatz nagusiak izango dira “azpiegituraren obra zibila egitea, hura martxan jartzeko behar diren hiri-zerbitzuen exekuzioa eta instalazioaren zati bat estalkiz estaltzea, ondoren ipiniko diren trinkogailuak, edukiontziak eta arrain-hondakinetarako hotz-ganbera babesteko”. Bai trinkogailuak bai hotz-ganbera estalpean egongo dira. Transferentzia-gunea eraikiko da Lapatza industrialdearen aparkalekuan, Araztoi eta Lapatza kaleen artean, eta “bi metroko altuerako perimetro-horma bat eta 6 metroko luzerako ate gidaridun bat izango ditu”. Azpiegitura berriak kamioien etengabeko joan-etorria eragingo duenez, “berrurbanizatu egingo da Araztoi eta Lapatza kaleen espaloien zati bat, hormigoi inprimatu bidez”.

Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza eta Ingurumeneko ordezkariak azaldu duenez, azpiegitura berriaren helburua izango da “txikitzea bai emisioak bai hondakinen garraioaren kostua”. Izan ere, transferentzia-guneari esker “optimizatu egingo baita kamioien joan-etorri kopurua, aldi bakoitzean garraiatutako kantitatea maximizatuta”. Hori guztia, gaikako bilketa zabaltzeko egungo ereduari dagokionez, “Europak 2025. urteari begira hiri-hondakinen bilketan finkatu dituen helburuak betetzeko”.