Santa Ageda bezpera "tristea" izan da aurten Arratian. Koru gehienak ez dira kaleetara irten kantatzera eta diru eske. Eskoletan ere arduraz jokatu dute eta eskola barruan baino ez dute kantatu. Baina egungo egoeran egonda ere, Santa Ageda eguna ospatzeko modu desberdinak ere badaude herrietan. Zeanurin, Ipiñaburuko kofradian, Muñiketako mendian dagoen Santa Ageda ermitan, meza egin zuten hilaren 5ean. Itsas gaineko 483 metroko altueran, Gorbeia pare parean dago Santa Ageda ermita txikia.

"Lehengo urteko argazkiak errepasatu beharra izan doguz, aurten lainoagaz Gorbeia ikus ezin egoan eta. Bertaratu diranak, aurten, osasun neurriak zaintzearren, Zeanuriko seme-alabak baino ez dira izan", azaldu du Jose Mari Kortazarrek, Arratiako apaiza. "Gogotik egin dabe beharra bertakoak inguruak garbitu eta txukunduz, jai eguneko aurreko zapatuan". Auzolanean eta giro ezin hobean, dotore utzi egin zuten ingurua. "Euriak be atertu dau meza aurretik eta ostean. Gorbeia aurrez aurre egoala ez zan erreza asmatzea, hogei metro baino harago ikustea ezinezkoa zan eta".

Hala ere, Maiordomo zerbitzua egiten duten Andoni Goikuria eta Mari Feli Astorkiak dena prest izan zuten egunerako. Aurten, pandemia dela eta, ate biak zabalik eduki zituzten "korrientea egiteko". "Aulkiak ondo markata non jarri jakiteko, hidrogela eskuetan sartzerakoan, mozala edo maskarila ondo ipinita€", baita aforoa kontrolpean beti, % 35eko kopurua ez gainditzeko. Bezperan kantatu ez ziren koplak, egokituta, meza hasieran eta amaieran kantatu zituzten "ozen eta gogotsu".

Mandak Zeanuri eta Arratian bizi bizirik dago tradizio hau, ermitetan batez ere. "Hildakoak eta bizidunak mundu baten parte gara. Horregaitik jai egunetan, mezatan, gogoan izaten dira etxeko, familiko, kofradiako eta parrokiko hildakoak", dio Kortazarrek. Bertaratuak zerrenda baten jartzen dituzte izenak eta limosna bat ematen dute. "Egun batzutan ehun hildako baino gehiago aipatu, gogoratu eta euren alde otoitz egiten da". Santa Ageda egunean, Irene Uriarte izan zen izen guztiak irakurtzeko arduraduna, "ermitan dagozan guztiak adi adi entzuten dabelarik euren familiakoa edo etxekoa artez aipatua izan dan. Limosnan batzen dan dirua, oso osorik, ermitaren mantenimendurako izaten da. Tradizino katolikoan, aspaldi, honi santuen alkartasuna deitzen jakon".

Aurten, hori bai, Barauskarria ezin izan zen banatu. Barauskarria da meza ostean "maiordomoak eskeintzen dauan hamaiketako antzeko bat. Zeanurin normalean gailetak eta ardoa". Egoera honetan eta arrisku guztiaz saihestutako, aurten ez da barauskarririk eskaini Santa Agedako jai honetan, meza ostean.

Aurten Puy Arrieta animatu egin zen bertsoak kitarraren laguntzaz eta bere ahotsaz grabatzera. "Elkar zaintzeko mezua zabaltzea eta betetzea behar beharrezkoa da", esan zuen Arrietak. "Ipiñaburuko kofradian bizi dira Puy Arrieta eta Jon Etxebarria, pastore ospetsuak, ezaguna da euren gaztai txapelduna Ordiziako txapelketan sarritan".

Aipatzekoa da oraingo honetan abesbatza gehienak ez direla kalera atera Santa Agedan kantatzera. Arratiaren kasuan, gainera, Bizkaiko Santa Ageda ospakizunaren inguruan gehien maite duten abesbatzetako bat dute. Arratiatik, datorren urtean Santa Ageda bezpera ospatu ahal izatea espero dute, hainbeste urtetan egin izan duten bezala.