Etxebarriko Udalak berriro ekin die udal ikastaroei. Udal tailer eta ikastaroen formatu berriaren izen-ematea irekita egongo da abenduaren 20ra arte. Pandemiak sortutako ziurgabetasuna zela eta, ikasturtearen hasieran udal ikastaroen egutegia atzeratzea erabaki zen, egoera eta kudeaketa egonkorragoa eta landugarriagoa izan arte. Hala, Udalak erabaki du udal-ikastaroen jarduerari berriro ekitea, “egiaztatu delako ekimen hori modu seguruan eta covid-19 protokoloak errespetatuz eginda, mesede egiten diola pertsonen sozializazioari”, azaldu dute Udaletik. Hori bai, tailer eta ikastaroak formatu berrian egingo dira eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzte, izan ere, “une honetan jarduera soziala egitea modu kontrolatuan ezinbestekotzat jotzen baita”. Hori dela eta, aurten bai barruko espazioetan, zein kanpoko espazioetan planteatu dira tailerrak eta aldi berean zenbait berrikuntza proposatu dira. Alde batetik, “sukaldaritza hainbat alderditatik jorratzeko aukera egongo da: asteroko menuak, real food (janari erraza eta osasungarria) eta sukaldaritza bere ohiko formatuan”. Bestalde, ekialdeko arteek eta erlaxazioak ere presentzia izango dute Tai-Chi eta erlaxazio-ikastaroen bidez. Beti bezala, ikastaroak askotarikoak izatea nahi izan da, eta, beraz, aukera asko daude aurten ere.

Aurretik aipatutakoez gain, puntu eta kakorratzak eta patchwork-ak beren lekua izaten jarraitzen dute. Baita kosmetikarekin eta produktu naturalen garbiketarekin zerikusia duten ikastaroak ere antolatu dituzte. Azkenik, nobedadeen artean, oinarrizko argazkilari-tza ikastaro bat barruko eta kanpoko saioekin, eta balkoian edo etxeko leihoan baratze bat sortzeko tailerra egongo dira. Azken berrikuntza txakurrarekin aire zabalean gozatzekoa da, “gure maskota hezteko nozioak eta jarraibideak ikasiz”. Prezioa eta iraupena ikastaro bakoitzaren araberakoak dira. Izen-ematea abenduaren 20ra arte egongo da zabalik Etxebarriko Udalaren webgunean (www.etxebarri.eus) edo abenduaren 18ra arte 944267005 telefonora deituz.