GALDAKAO. Datorren astelehenetik hasita, abenduak 14, eta abenduaren 20ra arte, kultur-ekintza ugari jasoko ditu Galdakaok, Sormenek antolatutakoak.

Sarrerak doakoak izango dira, eta saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago hasiko da sarrerak banatzen agortu arte. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira arratsaldeko dantza, antzerki, musika ikuskizun guztiak. Asteburuan, berriz, gune birtual bihurtuko da Sormene. Ahotsenearekin elkarlanean, liburu eta diska aurkezpen sorta egingo dira. Programazioa eta informazio guztia Sormeneren webgunean duzue eskura.

Musika eskaintza erakargarria izango da Sormenetik kanpo ere. Ostiral honetan, abenduak 11, Urtzen kontzertua izango da Andra Mari dantza taldeak antolatuta. Larunbatean, hilak 12, Kiko Veneno etorriko da Udalaren eskutik, La Banda del Retumbrekin. Beste izen handi bat ere bai: Gatibu abenduaren 26an izango da Torrezabalen. Jende asko erakartzen duten emankizunak izanik eta aforoa inoiz baino mugatuago denez, streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira azken bi kontzertuak esteka honetan.

Andra Mari taldeak beste bi kontzertu eskainiko ditu leku berezian: Khami eta Efren Lopezena hilaren 12an, eta Musbikarena 13an. Elexaldeko Elizan izango dira bi emanaldi horiek.

Antzerki eskaintza oparoa ere prestatu du Udalak: Esate baterako, ostegunean, hilak 10, Simplicissimus izango da Torrezabalgo taula gainean eta Alas Rotas 18an. El Maravilloso Mago de Oz musikala Torrezabalen ikusi ahal izango da abenduaren 27an, eta 30ean clown, antzerki eta musika nahasketak bilduko ditu ikus-entzuleak Marabuntaren emanaldiarekin.

Gabonei dagokienez, PINa ez da aurten posible izango, baina horren ordez, txikienentzako bestelako eskaintza bat prestatu du udalak: antzerkia goizetan eta zinema arratsaldetan. Euskarazko eskaintza izango da, eta PINak izaten zuen salneurri berean, 3 euroan.

Elkarteek egoerara egokitzeko egindako ahalegin bereziari esker, bai Olentzero eta Mari Domingi, eta bai Errege Magoak Galdakaora etorriko dira aurten ere, nahiz ez ohiko moduan izan. Olentzero eta Mari Domingi Torrezabalen egongo dira abenduaren 23 eta 24an goiz eta arratsaldez, ordu erdiko kontaketa emanaldietan. Errege Magoak ez dira kabalgatan etorriko, baina Kurtzeko plazan egongo dira urtarrilaren 5ean goiz eta arratsalde. Ikusi ahal izateko, hitzordua eskatu beharko da aurrez. Opariak ere ekarriko dituzte, bestelako formato batean izan arren.