Arratiako Udalen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gazte ekintzaileentzako dirulaguntzak iragarri dituzte, eskualdean enpresak sortzeko. Abenduaren 11ra arte egongo da zabalik eskaerak aurkezteko epea. Jarduera ekonomiko berria eskualdeko udalerri batean alta emanda egon beharko da, 2019ko irailaren 15aren eta aurtengo irailaren 14aren artean.

Laguntza hauek, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek jarduera ekonomiko barriak sortu eta martxan jartzeko gastuetarako izango dira. 7.000 euroko hornidura daukan programaren helburua da gazte ekintzaileei eskualdean enpresa-ekimen berriak sortzen laguntzea. Abenduaren 11ra arte egongo da zabalik eskaerak aurkezteko epea, gazteria.arratia@bizkaia.org posta elektronikoaren bidez, edo Mankomunitatearen dokumentazio sarreraren Erregistro Orokorrean.

Deialdiak jasotzen duen moduan, “jarduera barritzat hartuko da Jarduera Ekonomikoen ganeko Zergan 2019ko irailaren 15etik aurtengo irailaren 14ra bitartean Arratiako eskualdea osatzen duten udalerrietako baten (Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa edo Zeanuri) lehenengo aldiz alta eman duena”. Deialdi honetatik berariaz kanpo geratzen dira jokoarekin, tabernekin edo antzekoekin lotutako jarduerak.

Laguntza ekonomikoak deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzen arabera emango dira, eta zenbatekoa eskaera bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera banatuko da. Kontuan hartuko dira “izaera berritzailea (10 puntu), enplegu egonkorra eta kalidadezkoa sortzeko potentzialtasuna (30 puntu), ekimenaren inpaktu soziala (20 puntu), ingurumen-jasangarritasuna (20 puntu) eta proiektuaren jasangarritasun ekonomikoa (20 puntu)”. Arratiako Udalen Mankomunitatearen ustez, “lehentasunezkoa da eskualdean susperraldi ekonomikoa eta enplegu-sorrera bultzatuko duten ekimenak martxan jartzea”.