"Langilea", "pertsona ona", beti laguntzeko prest zegoen pertsona"... Hauek dira 'Anes' definitzen zuten hitzetako batzuk, ezagutu zuten pertsona batzuen arabera. Anastasio Azkarai 'Anes' Igorre, eta duela gutxi hil da. Datorren igandean, urriak 4, bere jaioterriko Tourseko San Martin parrokian ospatuko da abade honen aldeko olata meza. Igorren ospatu zen hileta eukaristia.

"Gainezka zegoen parrokia, jende ugarik eskerrak eman nahian hain apaiz maitatuari", esan dute Arratiako Elizatik. Izurrite garai hauetan, arduradunek parrokia itxi zuten aforoa gainditu ostean. Hala ere, "parrokiatik kanpo barruan beste jende hurbildu zen azken agurra ematera 1959. urte geroztik Igorren abade izan zenari". 1959tik hasita Igorrera joan zen, apaiz laguntzaile moduan aritzeko. Jendeak gogoan dauka etorri zenean, "batez ere haren hurbiltasuna". Horrela dio Itziar Etxebarriak. "Don Anastasio Igorrera etorri zenean laster hasi ginen 'Anes' deitzen. Nik bere hurkotasuna azpimarratuko nuke. Pertsona ona, beti edozertarako mesede bat egiteko prest zegoena; oso herrikoia".

Hamar urte inguru bizi izan zan Iñaki Jauregi apaiza Anastasiorekin eta bere esanetan, "Igorren asko maite izan zuten, gizon apala eta gertukoa zen, herriko kontuetan konprometitzen zena, batez ere San Kristobal auzoan". Jauregik nabarmendu duenez, pertsona atsegina zen bizilagun lez eta beti zegoan laguntzeko prest: "Herriko abadea izan zen, danengandik gertu zegoen eta horregaitik jendeak asko maite zuen". Arratiako parrokia eta ermita gehienetan eman zuen meza abadeak. "Beti artez eta labur, sermoi edo hitzaldi luzeetan denbora galdu gabe".

Baina denen artean, "txoko bat zuen maitatuena", dio Joxe Mari Kortazarrek, Arratiako apaiza. San Kristobal zen leku hori. 'Anes' eta San Kristobalen arteko hain lotura garbiaren erakusgarria da zelan bertako plaza bati bere izena jarri zitzaion 2014. urtean. Azken urteotan, 2016. udazkenetik, Bilbon bizi izan da apaiz erretiratuentzako etxean. Baina "aurretiaz hamaika lan egindakoa Igorren zein Arratian". Gainera, "edozein aitzakia ona zitzaion Igorrera joan etorri bat egiteko, mezaren baten parte hartzeko edo lagunekin egoteko".