Dantza eta folklore euskalduna, birusaren kontra

Basaurik Dantza Agerketaren edizio berri batekin gozatu zuen atzo, segurtasun-neurri zorrotzekin

21.09.2020 | 01:13
Ohi baino dantzari gutxiago igo ziren agertokira.

 Beharrezko segurtasun-neurriak kontuan hartuta, esan daiteke atzo, Basauriko Social Antzokia bete zela, Euskal Herriko Dan-tza Agerketaren 48. edizioaz goza-tzeko. Esan daiteke ere, konfinamenduaz geroztik, Basaurin egiten den lehenengo ikuskizun edo ekitaldi kultural handia izan dela jaialdi hau. Baina atzokoa ez zen aurreko urtekoen antzeko jaialdia izan. Berez, mami berbera izan arren, forma ezberdina eman zioten atzoko Dantza Agerketari antolakuntzako boluntarioek. Izan ere, aurtengo jaialdia saio bakar batean ospatzea erabaki dute, normalean hiru egunetan zehar ospatzen denean. Baina Basauriko jendeak, herrian dauden ekimen kultural maiteenetako batez gozatzeko gogoak zituen, eta hori nabaritu zen, bai sarrerak eskatzerako orduan, baita atzoko hitzorduan ere.

Ikuskizunaren formatua ez zen ohikoa bezala izan, baina Euskal Herriko dantza desberdin asko ikusteko aukera egon zen. Horrela, ikus-entzunezko euskarri berritzaile batek lagunduta, "lurralde bakoitzeko dantza adierazgarrienen bideo-muntaia laburren bidez", Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako "folklorea ekartzea lortu dugu berriro ere", adierazi zuen Pili Castrok, antolakuntzako kidea. Jarritako bideoak, aurreko berrogeita zazpi edizioetan grabatutakoak izan ziren, eta antzokiaren formatu handiko pantailan proiektatu ziren.

Bideoekin batera, herriko dantza taldeetako-Agintzari, Basauritar eta Edurre-dantzari bikoteek egindako zuzeneko dantza-sarrerak egin zituzten. Bilboko Beti Jai Alai eta Bizkaiko Gaiteroak taldeetako dan-tzari eta musikarien laguntza izan zuten ere dantzariek. Zuzenean ikustera joan zirenez gain, dozenaka lagunek Internet bidez, streaming bidez jarraitu zuten aurtengo Dantza Agerketa.

Emaitzarekin pozik daude antolakuntzako kideak. "Pozik gaude, batez ere jendeak asko gozatu duelako", azaldu zuen Castrok. Jendeak asko eskertu du "hain urte zailean jaialdia ospatzea, eta egindako lana baloratu dute". Zentzu honetan, urte zaila izaten ari den arren, arrazoiak badaude aurrera egiteko eta "horregatik hain zuzen ere, Dantza Agerketako Antolakuntza Batzordekook aurten ez genuen huts egin nahi".

Atzo ikusitako dantzak, normalean, dantzari gehiagorekin egin ohi dira, hala ere, errotuenetako ba-tzuk ikusi ahal izan ziren. Gainera "ikusleak gidatzeko eta ikuskizunaz gehiago gozatzen laguntzeko" aurkezpenak egin zituzten dantzatzen hasi baino lehen. Gainera, parte hartu zuten dantzariek maskarekin dantzatu behar izan zuten kontu handiz ibiltzeko helburuarekin.

Gogoratzeko saioa
 

Dantza Agerketa desberdina izan arren, urte askotan zehar gogoratzeko saioa izan zen atzokoa. Emozioak, oroitzapenak, dibertsioa€, sentimendu asko agertu ziren atzo, jaialdiaren formatua aldaketaz beteta egon arren. Segurtasun arrazoiengatik, aurten ez da erromeria herrikoirik ospatu, ezta Basauriko taldeen emanaldi berezirik ere. Kalejirarik ere ez da egin herriko kaleetan zehar, larunbateko saioa hasi aurretik. Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antola-tzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz eta 48 urte hauetan, asko izan dira Basaurira etorritako taldeak.

Gogoratu beharra dago, jaialdi honetan, ezaugarri nagusi bat dagoela: "Dantza-talde autoktonoek hartzen dute parte. Horrela deitzen zaie beren herrietako edota eskualdeetako dantzak gorde dituzten taldeei". Talde autoktonoek bertakoentzat esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.). Beraz, Basaurin erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke.

Omenaldia

Emozioa. Atzoko beste une berezienetako bat, Pedro Lezameta 'Peto' eta Nerea de Egurrolari egindako omenaldia izan zen. "Oso emozionantea izan zen eta omenaldi apala izan arren, polita izan dela uste dugu". Haien senide, lagun eta taldeei "gure elkartasun eta animoa erakutsi nahi izan diegu; eurei, Nerea eta Petori, Peto eta Nereari, gure oroitzapenik sentikorrena eta gure eskerrik beroenak beraien eskuzabatasunagatik, Basauriko dantza eta euskal kulturaren alde hainbeste urtetan egin duten lan eskergagatik: eskerrik asko bihotz-bihotzez!!!".

Jaialdia

Desberdina. Oso jaialdi desberdina izan da aurtengoa, baina jendearen erantzuna ezin hobea. Social Antzokia bete zen, segurtasun neurriak direla eta, jende gutxiago sartu bazen ere. Gainera, arraroa izan zen dantzariak maskararekin ikustea, baina segurtasun neurriak betetzea ere izan zen helburuetako bat.