Covid-19ak eragindako egoera ikusita, Dantza Agerketako antolakuntzatik, aurtengo jaialdia ospatu ahal izateko buelta bat ematea erabaki zuten. 48. edizioa beteko duen urtean, jaialdia saio bakar batean ospatzea izan da neurrietako bat.

Egoera berezi baten aurrean, ospakizun berezi batekin eran-tzutea izan da aukera. Horregatik, eta “indarrean dauden osasun-arau eta segurtasun-neurri guztiak errespetatuz”, Euskal Herriko Dantza Agerketa gaur, 20:00etan, Basauriko Social An- tzokian izango da, antolakuntzatik azaldu duten bezala.

Gainera, ikuskizunaren formatua “ez da ohikoa izango eta ikus-entzunezko euskarri berritzailean oinarrituko da”. Jende kopuruari dagokionez, “bertatik-bertara ikusteko aukera izango duten 200 pertsonez gain, internet bitartez ikusi ahal izango da zuzenean, streaming bidez”. Urte hau desberdina izaten ari da guztiontzako. Baina “horregatik hain zuzen ere, Dantza Agerketako Antolakuntza Batzordekook ez dugu huts egin nahi eta aurtengo edizioa, berrogeita zortzigarrena, egitea proposatu dugu”.

Aurten, ezinezkoa izango da zazpi herrialdeetako taldeek bertan parte hartzea, baina “lurralde bakoitzeko dantza adierazgarrienen bideo-muntaia laburren bidez irudikatuko da bertako folklorea: Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa”. Bideo horiek aurreko berrogeita zazpi edizioetakoren batean grabatutakoak dira, eta antzokiaren formatu handiko pantailan proiektatuko dira. Bideo bakoitzak “herriko hiru taldeetako-Agintzari, Basauritar eta Edurre-dantzari bikoteek egindako zuzeneko dantza-sarrera bat izango du”, Bilboko Beti Jai Alai eta Bizkaiko Gaiteroak taldeetako dantzari eta musikarien laguntzarekin.

Ohiko aurkezpenak ere ez dira faltako, “ikusleak gidatzeko eta ikuskizunaz gehiago gozatzen laguntzeko”. Segurtasun arrazoi berberengatik, aurten ez da erromeria herrikoirik izango ostiralean, ezta Basauriko taldeen emanaldi berezirik ere igandean. Kalejirarik ere ez da egingo larunbateko saioa hasi aurretik. Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz.