Kantabria kaleko haur-jolasen eremua berritu du Basauriko Udalak. Horrela, Udalak udalerriko haur-parkeen eta aisialdi eremuen hobekuntza eta berrikuntzan inbertitzen jarraitzen du. Azken esku-hartzea Arizko Kantabria parkean izan da. Zentzu honetan, hango zoladura eta jolasak berritu dira, 30.000 euroko inbertsioa egin ondoren.

Berrikuntzen artean, egurrezko jolasen ordez, "segurtasun-ziurtagiri guztiak dituzten batzuk jarri dira", azaldu dute Udaletxetik. Gainera "eserleku zapala duen zabu bat, sehaska motako beste bat, haur nagusiagoek gora egiteko gune bat, malguki bat, txirristadun jolas-multzo bat eta kulunkari inklusibo bat" jarri dira bertan. Bestalde, kautxuzko lauzen ordez, segurtasunezko zoladura jarraia jartzea erabaki da oraingoan.

Hobekuntza gehiago

Gogorarazi dutenez, "joan den urtean ere, 14.200 euro inbertitu zituen Udalak" parke horretan, kirol-eremuan herritarrek eskatutako itxitura-sare bat jartzeko alegia. Beste alde batetik, orain dela hilabete batzuk, uda hasi eta berehala, Karmelo Torre kaleko haurren-tzako parke berria zabaldu zuten (Kareaga auzoan). Obra honetan, Basauriko Udalak zaharkituta zegoen jolas-parkea berritzeko, eta jolas berriak jartzeko egin zuen jarduketa.

Bertan ere, zoladura berria eta hormigoizko bankuak jarri zituen, 37.700 euroko inbertsioarekin. Udalak azaldu zuenaren arabera, lurreko kautxuzko lauza txikien ordez segurtasunezko zoladura jarraia" jarri zen. Jolas berriei dagokienez, Udalak parte-hartze prozesu bat garatu zuen auzoan, Kareaga Goikoa Ikastetxeko Guraso Elkartearekin eta Kareaga Auzo Elkartearekin.

"Auzotarrei zenbait aukera eman zitzaizkien". Hauen artean, lau eserlekudun zabua (horietako bat, egokitua), malguki bi, haur txikiagoentzako txirrista sorta bat eta eskalatzeko jolas multzo bat. Bestalde, Udalak kristalak jarri zituen ere markesinan, altzairu herdoilgaitzezko eskudela aldatu eta osatu, eta zuhaixkak birlandatu ere. Basauriko Udalak 700.000 euro baino gehiago inbertitu ditu 2011. urtetik haur-parkeetan eta aisialdirako guneetan.