Galdakaoko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesu berri bat jarri du martxan. Dagoeneko martxan dago 2021 aurrekontu parte-hartzaileak burutzeko prozesua, aurki Udal Osoko Bilkuran baieztatuko dena. “Abiapuntu gisa, herriko elkarteei bidali zaie egitasmoaren nondik norakoak, auzoetan eta udaletxean aurre-ikusitako bileren datak barne”, azaldu dute udal gobernutik. Prozesuak berrikuntza batzuk izango ditu aurten. Alde batetik, gogoratu beharra dago, “iazko proposamenak erabiliko direla”.

Gainera, proposamenentzako muga 200.000 eurokoa izango da, beti ere, “proposamen bat egin daiteke parte-hartzaile bakoitzeko”. Udalak esan duenez, “udal aurrekontua nabarmen behera egin arren, 1.000.000 euro mantenduko da parte-hartzerako”. Aurtengo prozesuan, “nerabeek hartuko dute parte aurten prozesu paralelo batean”, beraien proposamenak entzuteko. Prozesuak lau fase izango ditu: lehenengo, informazio fasea eta proposamenen aurkezpena egingo da, irailaren 1etik 7ra. Gero, 7tik 18ra bitartean batzarrak egingo dira eta bitartean, “proposamenak aurkezteko epea irailaren 20an amaituko da”.

Bigarren fase batean, proposamenen balorazio teknikoa egingo da. Gero, batu diren proposamenen jendaurreko aurkezpena eta bozketa izango da, web orrialdean eta hainbat toki fisikotan. “Urriaren 6an proposamenen aurkezpena egingo da Torrezabalen” eta urriaren 7tik 11ra bozkatuko dira. Azkenik, urriaren 14an, bozketen emaitzak argitaratu, eta hurrengo egunean aukeratutako proposamenen aurkezpena egingo da. Amaitzeko, ebaluzazioa eta “aurreko fasearen amaierarekin batera txosten bat egingo da prozesuaren emaitzekin”.

Bilerak

Bilerei dagokienez, batzarren datak irailaren 7an hasiko dira, Torrezabalen eta Aperribai Eskolan. Hurrengoa, 9an Urretako kiroldegian egingo da, 11an Torrezabalen, 15ean Unkina Kiroldegian eta Bengoetxeko Institutoan izango da batzarra eta 16an, Ibarluzea Nagusien etxean. Amaitzeko, 18an Urretako kiroldegian eta Bekeako eskola zaharrean ere batuko dira. Aldi berean, “Gazteria Arlotik proiektu paralelo bat lantzen ari da, nerabeek aurrekontuei euren ekarpena egin ditzaten”. Bilerak Aperribai, Urreta zein Usansoloko Topaguneetan egingo dira irailaren 11an.