- Helena Goñik (Bilbao, 1990) irabazi du aurtengo Juan eta Pablo de Otaola beka. It’s a kind of magic proiektuarekin lortu du beka eta lau hilabeteko egonaldia egiteko aukera izango du Pariseko Cité Internationale des Arts-en, irailetik abendura bitartean. Bere lanean, izatearen eta identitatearen arteko harremana aztertzen du, eta, horretarako, bizipenak berreraikitzera eta kameraren bitartez neurtutako bizipenetara jotzen du sarri.

Argazkigintzan lan egiten du batez ere, baina bestelako adierazpide batzuk ere baliatzen ditu: ekintzak, bideoak eta hitzak, esate baterako. Guztira, 15 artista aurkeztu dira aurtengo edizioan. Pariseko egonaldia egin ondoren, 2021eko maia tzean, bere lana aurkeztuko du Basaurin, Arizko Dorretxean (lehenengo solairuan).

Juan eta Pablo de Otaola beka 1990ean sortu zen. Otaola familiak finantzatzen du, eta Basauriko Udalak kudeatu. Prestakuntza artistikoa sustatzea eta arte plastiko eta bisualen eremuan sormena bultzatzea du helburu.

Nabarmentzekoa da Beka honek izan duen bilakaera. Horrela, 2018tik, nazioarteko izaera du Juan eta Pablo de Otaola bekak: Pariseko Cité Internationale des Artsekin lankidetzan garatzen da.

Horri esker, artista irabazleak lau hilabeteko egonaldia egingo du han, egonaldiaren eta ikasketen gastu guztiak ordainduta. Horrez gain, 3.600 euro jasoko ditu mantenu-ordainetarako, bidaietarako eta proiektua ekoizteko. Beste alde batetik, esan beharra dago, Gure Artea saria irabazi zuela 2014an Juan eta Pablo de Otaola Bekak.

Bekaren antolatzaileek, 15.000 euro eskuratzeaz gain, arteen alorrean egindako lanaren ain tzatespena jaso zuten sari horri esker. Epaimahaia, aurtengoan, honako hauek osatuta egon da: Petra Joos (Guggenheim Museoko komisarioa), Miren Arenzana (artista), Iker Serrano (Kultur Basauriko irakasle-artista) eta, azkenik, Fernando Nieva (Kultur Basauriko kultura-jardueren zuzendaria), idazkari lanetan.