BASAURI. Koronabirusak kalte handiak eragiten ari da bizitzaren esparru guztietan. Hainbat eta hainbat autonomo eta enpresak izango dituzten galera ekonomikoaz gain, konfinamenduak eragin zuzena izan dezake pertsonen osasun fisiko zein mentalean. Horregatik, Basauriko Udalak herritarrei arreta psikologikoa eskaintzeko zerbitzua jarri du martxan. Zerbitzua bihar bertan abiaraziko da, apirilaren 20an. Zerbitzu horren bidez senide baten heriotza sufritu, lana galdu eta harreman arazotsuak izan dituzten pertsonei eskainiko zaie laguntza, besteak beste.

Gauzak horrela, Basauriko Udalak arreta psikosozialerako doako zerbitzua abiarazi du herritar guztientzat (Adinekoen Atalean artatzen dituztenentzat izan ezik), osasun-alerta eta etxeratze egoerak izan dezakeen eragin psikologikoa txikiagotzeko. «Zerbitzuak haurrak, gazteak eta helduak hartuko ditu», azaldu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Esku-hartzeak espezifikoak izango dira: hurbileko norbait galdu dutenentzat, haur zein nerabeei hurbileko horren heriotzaren berri emateko laguntza eta/edo jarraibideak behar dituztenentzat, zenbait emozio maila altuan edo behin eta berriro sentitzen dituztenentzat (urduritasuna, aztoramendua, izu sentsazioa eta abar), gaixotasunean zein gaixotzean besterik pentsatu ezin dezaketenentzat... Zerbitzua egokia izango da ere eguneroko eginbeharrak aurrera eramateko edo beren lana behar bezala egiteko ezintasuna dutenentzat, lo indarberritzailea egin ezin dutenentzat edo elkarbizitza-arazoak dituztenentzat.

Kontsultak egiteko, honako zenbaki honetara deitu daiteke, edo WhatsAppeko mezua bidali: 688 83 75 11. Bestela, aukeran, mezu elektronikoa bidali ahal da sappbasauri@basauri.eus-era (Basauriko Gizarte-politika Arloko Arreta Psikosozialaren Taldearen helbide elektronikoa da). Zerbitzuak arreta emango du astelehenetik ostiralera, 09:00ak eta 14:00ak bitartean.

Lehenengo saioaren ostean jotzen bada herritarrak baliabide espezializatu bat behar duela edo arreta psikologiko jarraitua eman behar zaiola, horretarako proposamena bideratuko da, dagozkion bideetatik.