BILBO. Joan den asteburua, otsailak 1 eta 2, harrotasunez gogoratuko du Galdakao Atletismo Taldeak, bertako atletek lortu zuten kirol arrakasten uzta ederrari esker.

Hasteko, Ander Martín 20 urtez azpiko atletak bi urrezko domina lortu zituen Gasteizen jokatutako Jaurtiketa Luzeen Euskadiko Txapelketan.

Martín Disko jaurtiketaren kategorian nagusitu zen jardunaren hasieran, marka personal berria ezarriz: 25 metro eta 25 zentimetro. Ondoren, mailu jartiketaren proban, urrezko domina lortu zuen, sei kiloko mailua 24 metro eta 40 zentimetrora jaurtiz.

Bestetik, Jone Fuente izan da Galdakaoko atletismoaren asteburu honeko beste kirol balentria baten protagonista, 20 urtez azpiko Euskadiko kross txapela eskuratu baitu modu sendo eta distiratsuan. Fuentek txiki-txiki eginda utzi zuen aurreko denboraldiko txapela irabazi zuen Paula del Pozoren hasierako erresistentzia eta probaren amaieran ia minutuko bateko alde handi-handia atera zion.

Lasterketa bikain honek azken puntua jarri dio denboraldi apartari, atleta honen sasoi onari buruz zabaldutako denboraldi hasierako zalantzen gainetik, Atapuercan jokatutako proban argitu baitziren. Izan ere, orduko maila onari eusteaz gain, sasoi hobean dagoela ikusteko aukera ere izan da.

Taldearen iritziz, oso lan ona egin dezake laster jokatuko diren hurrengo lehiaketetan: Sorian antolatuko den Espainiako taldekako kross txapelketan, Zaragozan jokatuko den banakako kross txapelketan eta Sabadellen egingo den pista estaliko txapelketan.

Banakako arrakastekin jarraituz, Wogen Hoyosek Euskadiko 20 urtez azpiko kross txapelketan lortutako brontzezko domina ere nabarmendu behar da, izan ere, eguneko bero handiari eta zirkuitu arras astun eta bigunaren zailtasunei aurre eginez, lasterketa bikaina egin zuen Gernikan jokatutako proban.

Wogen ez zen kikildu igandean jokatutako lasterketako parte-hartzaileen maila altuaren aurrean, eta indarrak neurtzen eta itxaroten jakin zuen, lasterketaren bigarren erdialdean podiumera gerturatzeko, bigarren postutik oso urrun geratu gabe.

Galdakao Atletismo Taldeak espero du emaitza honek behar adinako konfiantza ematea ondoren parte hartuko duen bi txapelketei aurre egiteko: Sorian martxoaren 3an jokatuko den taldekako txapelketa eta Zaragozan antolatuko den autonomia-erkidegoen arteko kross txapelketa, martxoaren 8an.

Banakako garaipenez gain, berariaz nabarmendu behar da taldearen lan kolektibo bikaina, Euskadiko 20 urtez azpiko krossaren txapela eskuratu zuelarik.

Taldearen arduradunek eta jarraitzaileek itxaropen handiak zituzten atleta hauengan, eta aste honetan Mikel Valladaresen baja eragin zuen lesioa gorabehera, bertatik bertara ikusi ahal izan zuten nola hazi ziren gainerako atleta gazteak ezbeharraren aurrean, arrakastara eraman zituen jardun sendoa osatuz eta bigarren postua lortu zuen Goierri Garaia taldeko gipuzkoarrei aurrea hartuz.

Wogen Hoyosen aitzindaritzapean, lorpen handi hau mamitzen lagundu zuten Igor Ruizek (9.a), Paul Iturraspek (11.a) eta Unai Maesok (19.a, Goierriko laugarren lehiakidea gainditzeko amaierako sprint handia tarteko).

Aipatutakoez gain, nabarmentzekoak dira Paula Echarrik 23 urtez azpiko kategorian lortutako 5. postua, Unai Rubioren 5. postua 18 urtez azpiko kategiorian, Ander Roscalesek 18 urtez azpikoan izandako 15. postua eta Jon Galartzaren 16. postua 16 urtez azpiko kategorian.

Galdakaoko Udaletik zorionak eman nahiz dizkiogu taldeari, baita animoak ere ondorengo lehiaketetarako, horietan zer esan handia emango duten esperoan.