BASAURI. Basauriko Udalak, herritarren osasunari erreparatuz, ariketa fisikoa sustatu nahi du biztanleen artean. Horregatik, udaberrirako prest egotea espero duten ibilbide osasungarrien sarea diseinatu dute. Ibilbide horietan seinaleak jarriko dituzte, eta herriaren natura eta kultura ondarea nabarmenduko dute.

Sareak lau ibilbide izango ditu, herri barruan eta inguruetan zehar. Udalerri ia osoa hartuko dute. Ibilbide «urdina» Nerbioi ibaiaren ertzetik joango da. Luzeena izan arren (8 km), ez du maldarik izango. Arizko zubitik abiatuko da eta ibaian gora egingo du, Arrigorriagaraino. Bueltan, San Migeletik igaro, eta joaneko bide beretik itzuliko da abiapunturaino. Ibilbide «laranja», «Basauri atzo eta gaur» izenekoa, udalerriko eraikin historikoenetako batzuetatik (Taberna Nagusia, Sagasti baserria) eta landa-eremuetatik (Errekalde eta Uriarte auzoak, esaterako) igaroko da. Udalerri barruko 5 km-ko ibilbidea da, ia-ia maldarik gabea. Asfaltotik doa eta erabat irisgarria da: gurpil-aulkiekin eta haur-kotxeekin egin daiteke, arazorik gabe.

«Basauri: herria eta basoa» edo ibilbide «arrosa», erabat desberdinak diren bi eremutatik igaroko da: Basauri herrigunetik eta Montefuerte (Ollargan) parketik. Hartara, ibilbide maldatsua izango da, eta ahalegin fisiko handiagoa eskatuko du. Hori bai: ibilbidean zehar aukera egongo da inguruneko basoak leheneratzeko lanetako batzuk ikusteko. Udaletxetik abiatu, eta Buiagoitiko pistatik igoko da bidea, Montefuerte (Ollargan) parkerantz. Gero, Gaztelu (Kukurrustu) mendirantz egin, eta pistatik jaitsiko da Kareaga auzoraino, eta, handik, abiapuntura itzuliko da, Basauriko udaletxera.

Laugarren ibilbidea («gorria») egiten animatzen direnak, «Basauri historiko eta naturala» ezagutuko dute. Bidea Finaga eta Malmasin mendi magalean zehar igaroko da —non, oraindik ere, haritz bakan batzuk dauden (paraje horiek iraganean izandakoaren lekuko)—. San Migel eliza ondotik abiatuko da, Nekazari plazatik. 5 km-ko ibilbide zirkularra izango da, 200 m inguruko desnibelarekin. Errepidetik, pistatik eta bidezidorretatik joango da, eta, beraz, ahalegin fisiko apur bat eskatuko du.

Udaberri aldera jarrita egongo dira seinale guztiak: metalikoak gune urbanoetan, egurrezkoak natura-eremuetan eta azalpenak jasotzen dituzten panelak (bat, ibilbide bakoitzeko). Seinaleez gain, ibilbide bakoitzari buruzko informazio-liburuxka bi prestatzen ari dira: bat, herritarrentzako, oro har; eta beste bat, ibilbidea familiarekin egin nahi dutenentzat, eta, batez ere, umeei zuzenduta», azaldu du Nerea Renteria Ingurumeneko zinegotziak. Informazio-liburuxkak deskargatu ahalko dira udal webgunetik edo informazio-paneletako QR kodeak eskaneatuta.