BASAURI. 2013. urtetik, basauriarrek herriko aurrekontuetan modu zuzenean parte har dezakete. Horretarako, Udalak ekarpenak egiteko aukera ematen die, eta aurten herritarren 607 proposamen edota iradokizun jaso dituzte.

Azaroaren 25-30 bitartean, karpak jarri zituen Udalak udalerriko zenbait tokitan, herritarren proposamenak jasotzeko eta kalean prozesua ezagutarazteko, horren berri emateko eta ekarpenak egin nahi zituztenei horiek idazten laguntzeko. Postontziak ere jarri zituen Udalak, xede berarekin. Eta herritarrek aukera izan zuten kultur-etxeetan eta herritarrentzako arreta-bulegoetan ere ekarpenak uzteko. Era berean, azaroaren 22tik abenduaren 8ra, inprimaki bat egon zen udal webgunean, proposamenak elektronikoki aurkeztu ahal izateko, modu arin eta errazean.

Horrela, bada, proposamenen % 55,4, karpetan jaso da; % 22,4, postontzietan, eta % 22,2, online. Ariz izan da ontzietan proposamen gehien jaso dituen auzoa: % 35,2. Bigarren tokian, Kareaga (% 22,8). Eta, haren ostean, Arizgoiti (% 13,8). Prozesuan parte hartu dutenen % 61,3, emakumeak izan dira. Eta, adinari dagokionez, 65 urtetik gorakoak (% 24,2) eta 36-45 urte artekoak (% 21,7) izan dira parte-hartzaile gehienak.

Azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea izan da basauriarrek prozesu parte-hartzailean sarrien eskatutakoa: igogailuak, sarbideak, argiztapena hobetzea, aparkaleku gehiago egitea, udalerriko zenbait tokitako zoladura konpontzea eta abar. Jarduera-eremu horri lotutako 160 ekarpen jaso ditu Udalak. Parkeetan egin beharreko hobekuntzak (50 ekarpen), animaliak eduki eta zaintzea (38) eta hiri-altzariak (28) ere agertu dira jasotako proposamenetan.

Aurreko urteetan bezalaxe, aurtengoan ere herritarren ekarpenak aintzat hartu ditu Gobernu Taldeak udalerriko aurrekontua egiterakoan, betiere horien beharrizan- eta premiatasun-maila, inpaktua eta kostua, eta Udalaren baliabide ekonomikoak kontuan hartuta.